naiz
iruñea

Nafarroa Oinez “inklusibo” bat hartuko du Altsasuk igandean

Iñigo Aritza ikastolak antolatuta, Nafarroa Oinez jaia ospatuko da igandean Altsasun. Bizi, Kanta, Txio eta Dantza guneetan banatuta, egitarau oparoa prestatu dute sakandarrek Urbasaren magala hartuko duen 4,5 kilometroko ibilbidean.

Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak antolatuko du igandeko Nafarroa Oinez. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak antolatuko du igandeko Nafarroa Oinez. (Idoia ZABALETA / FOKU)

"Ezbairik gabe aurtengo edizioaren erronka nagusia Oinez inklusibo bat egitea izan da", azaldu dute igandean Altsasun egingo duten Nafarroa Oinez jaiaren antolatzaileek Iruñean egin duten agerraldian. Horren eredu, prentsaurrekoa zeinu hizkuntzan ere jarraitu ahal izan da.

Nafarroako ikastolen aldeko jaia Urbasa mendiaren magalean gozatu ahal izango da. Bertan egonen dira Bizi, Kanta, Txio eta Dantza guneak. Zirkuituak lau kilometro eta erdiko ibilbidea izango du eta ez du aparteko zailtasunik eskainiko. Hala ere, mugikortasun arazoak dituzten pertsonek aukera alternatibo bat izanen dute, gurpildun aulkian egiteko modukoa. Zerbitzu edo informazio panelak ere egokituta egonen dira.

Bide batetik zein bestetik gune guztietara iristeko parada izanen da eta bertan ekimen ugari aurkituko dituzte bertaratutakoek. Euskal musika izango da protagonista, Zartako-K, Anita Parker, Tximeleta, Moonshine Wagon, Oihan Vega, Demode Quartet, Amaren Alabak, Trikiteens edo Gauargi taldeen eskutik. Hala ere, Herrialde Katalanetatik eta Galizatik ere iritsiko dira Xavi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetaerre.

Musikaz gain, kirola ere ez da faltako. Erronka ekimenean, Nafarroako ikastoletako ikasleek hartuko dute parte. Era berean, haurrei zuzendutako robotika tailer bat egonen da, non robot bat programatzen irakatsiko zaien gazteei.

Gerturatzen den jendearentzako, herri sarrera guztietan parkinak egokituko dituzte eta tren zerbitzua ere indartu egin dute. Renfek 6.800 plaza eskainiko ditu Iruñea, Gasteiz eta Donostiatik Altsasuraino iristeko.

Bestetik, antolatzaileek gogora ekarri dute "portaera matxistak eta, areago, erasoak baztertu egin behar direla eta horiei aurre egin behar zaiela". "Helburua da denok, emakumezkoak eta gizonezkoak askatasun eta errespetu osoz gozatzea euskararen festaz".

Era berean, urte guztian zehar boluntario taldeak egin duen lana eskertu nahi izan dute.