Jon Ormazabal

Joseba Ezkurdiak ez du inoren zain egon nahi izan (10-22)

Arbizukoak airean ibili du egungo txapelduna eta finalerdietarako sailkatu da, bere ibilbidean lehenengo aldiz. Lehen tantoa borrokatua izan bada ere, uste baino garaipen errazagoa eskuratu du Ezkurdiak Altunaren aurka.

Lehenengo aldiz arituko da Ezkurdia final erdietan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Lehenengo aldiz arituko da Ezkurdia final erdietan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aimar Olaizolak erabakitzen duenaren arabera –atzo eskuineko eskuko minez amaitu zuen– Joseba Ezkurdiak nahikoak izan zitzakeen sei tanto finalerdietara sailkatzeko, baina Arbizuko aurrelariak nahiago izan du inoren zain egon ez egotea. Hala, eta garaipen handi bati esker, finalerdietarako sailkatzea lortu du, bere ibilbidean lehenengo aldiz.

Ikusmin handia sortu du Donostiako gaurko partidak, baina nahi eta uste baino desorekatuagoa suertatu da, Joseba Ezkurdia oso nagusi izan baita, hasi eta buka. Jokin Altuna Aimar Olaizolari irabaztetik zetorren eta bazirudien zalantzak uxatuak zituela, baina Sakanakoak pilotari ezarri dion abiadurak agerian utzi du amezketarra erritmo faltan dagoela.

Eta bi gauzak batu dira: nafarrak oso ondo jokatu duela eta Altunak ezin izan duela nahi zuen maila eman; ondorioz, partidak ez du apenas emoziorik izan. Lehen tantoa borrokatu eta piloteatua izan den arren –22 pilotakada luzatu dituzte– aitaren batean aurreratu da Ezkurdia 3-13 eta usta baino garaipen errazagoa eskuratu du.