@ibaiazparren
Altsasu

Nafarroa Oinez «inklusibo» batek Altsasu gainezkatu du

Eneko Aritza ikastolak antolatutako ekitaldiak «inklusibitatea» bilatzeko erronka izan du aurten. Eguna goibel hasi da ikastolako ikasle ohi bat zendu delako. Hala ere, ahalik eta modurik egokienean egin diote aurre egunari. Giro eta eguraldi ona lagun izan dituzte.

Hasiera ekitaldiko une bat. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Hasiera ekitaldiko une bat. (Idoia ZABALETA/FOKU)

‘BIZI’ lelopean, «guztiontzako eguna, esparru guztietan» prestatu du Iñigo Aritza ikastolak eta hori da hain zuzen ere «guztietatik bereizten duena». Ikastola honek antolatu zuen lehenengo Nafarroa Oinez 1981. urtean eta laugarrenez ospatu dute aurten Altsasun.

Hasiera eta zinta mozte ekitaldira bertaratu direnen artean egon dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, besteak beste. Iñigo Aritza ikastola osatzen duten lau herrietako –Altsasu, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia– alkateak eta Nafarroako 14 ikastoletako ordezkariak ere bertan izan dira.

Eneida Carreño Iñigo Aritza Ikastolako lehendakaria izan da hitza hartzen lehena. Ikastolaren sorrera «latzak, trabaz betetakoak» gogoratu ditu, baina horren guztiaren gainetik lan egiteko «gogoa, grina eta euskararekiko maitasuna» nabarmendu nahi izan ditu. «Gaur hemen biltzen gaituen arrazoiak asko dira eta ikastola proiektuari babesa, laguntza eta maitasuna adieraztera hurbildu zareten guztioi esan honetan sinesten dugula eta lekukoa harro eramango dugula», amaitu du lehendakariak. Altsasuko gazteen omenez txalo-zaparrada ederra ere egon da.

Bestalde, Barkosek eskerrak eman nahi izan dizkie ikastolen proiektuko parte diren eta izan diren guztiei euskararen alde urte hauetan guztietan egindako lanagatik. «Euskara etorkizuneko hizkuntza da. Mamua uxatu behar dugu, eta euskarari sarrera ukatu zaion lekuetara eraman. Oztopoen gainetik euskaraz bizi», esan du.

Zinta moztu dute paelleroek

Zinta mozteko ohorea Tere Irigoienek eta Juan Manuel Galartzak izan dute, 2005tik Nafarroa Oinez guztietan paella prestatu duten paelleroen taldea ordezkatuz. Urdiaingo paellagileak ziren hasieran batean lanean, eta ondoren Olaztiko eta Sakanako beste herri batzuetako lagunak batu zitzaizkien. Ondoren, momotxorro, sorgin eta Juan Tramposoek ekitaldiari hasiera eman diote dantzatuz eta gerturatutakoak zirikatuz.

‘Benignoren taldea’ izenarekin dira ezagunak. Izan ere, Benigno Mendia zen Nafarroa Oinezeko paella prestatzen duen taldearen arima eta gidaria, harik eta 2015ean agur esan zigun arte. Eskuzabala, umoretsua eta inplikatua zen Benigno, eta auzolanaren bidez alimaleko ekarpena egin zuen herrigintzaren esparruan.