naiz

Aimar Olaizolak, aukera guztiak galduta, ez du ligaxkako azken partida jokatuko

Aimar Olaizolak eskuin eskua minduta dauka eta ez da Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldian arituko. Bere aurkaria izan behar zuenak, Joseba Ezkurdia, txartela eskuratuta zeukan dagoeneko, aurreko bi partidak nagusitasunez irabazi ostean.

Aimar Olaizolak minduta dauka eskuin eskua. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Aimar Olaizolak minduta dauka eskuin eskua. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Aimar Olaizola Lau eta Erdiko txapelketako final laurdenetarako sailkatzeko aukera guztiak galdu zituen larunbatean Victorrekin galdu ostean. Gaur jakinarazi du ez duela azken jardunaldian jokatuko, eskuin eskua minduta du-eta.

Medikuak gaur goizean aztertu du Goizuetako aurrelariaren eskua, eta honen ostean erabaki du «eskua ez dagoela partida jokatzeko egoera onean». Partidak ez zuen garrantzi handiagorik, bere aurkariak, Joseba Ezkurdiak, sailkapena eskuratuta daukalako aurreko bi jardunaldietan Victor bera eta Jokin Altuna txiki utzi ostean.

Azken bi hauek izango dira haien artean sailkatzeko bigarren plaza bereganatuko dutenak A taldean.