NAIZ
DONOSTIA

Euskal Herria eta Kubaren arteko harremanak aztertuko ditu ‘Kokuioak’ aldizkari berriak

Habanako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak ‘Kokuioak’ ikerketa aldizkaria jarri du abian. Euskara eta euskal kultura irakurle den Joseba Sarrionandia idazleak koordinatutako argitalpenak euskal herritarren eta kubatarren arteko harremanak aztertzea du helburu.

‘Kokuioak’ aldizkariaren lehen zenbakiaren azala.
‘Kokuioak’ aldizkariaren lehen zenbakiaren azala.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, ‘Kokuioak’ aldizkariaren lehen zenbakia paperean argitaratu du Pamiela argitaletxeak eta dagoeneko liburu dendetan aurki daiteke. Kuban ere banatuko dira hainbat ale. Gainerako zenbakiek, ordea, bertsio elektronikoa baino ez dute izango.

Literatura, historia eta etnografiari buruzko artikuluak irakurri daitezke lehen zenbakian, hala nola Amerikako historian pertsonaia ezaguna den Lope de Aguirreren inguruko testua, barra izena zuen eta jada desagerturik dagoen kirolari buruzko idatzia edo Habanako Unibertsitateko irakasle batek 1933an euskararen inguruan emandako hitzaldia.

Kuban jaio zen Jesus de Sarria pentsalariaren biografia, Ernest Hemingway idazlearen eta Andres Untzain pilotari eta apezaren arteko harremana, eta Kuba eta Euskal Herriaren arteko erlazioan sakontzeko bibliografia hizpide dituzten artikuluak ere jasotzen ditu ‘Kokuioak’ aldizkariaren lehen zenbakiak. Lan luze horiekin batera, izaera anitzeko dozena bat testu laburrago ere jaso ditu argitalpenak, tartean olerkiak, kantuak, gertaerak edo gutunak.

Kolaboratzaileen artean daude Josu Landa Mexikoko UNAMeko irakaslea, Alexander Ugalde EHUko irakaslea, Koldo San Sebastian eta Bingen Amadoz kazetariak, Sindo Garay musikaria eta Edorta Jimenez, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Xabier Mendiguren idazleak, besteak beste.