naiz

Pinuen gaitzaren aurrean hainbat neurri proposatu ditu Gipuzkoako EHNEk

Banda marroiak kaltetutako pinuen harira, aldundiak eta Lakua gainerako eragileekin elkarlean aritu behar direla adierazi du EHNE Gipuzkoak. Honi konponbidea bilatu aldera, hainbat neurri proposatu dituzte, kaltetutako basoen mailaketa batetik hasita eta ikerketa sustatuta.

Gaitzak kaltetutako pinuak, Oiz inguruan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gaitzak kaltetutako pinuak, Oiz inguruan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

EHNE Gipuzkoak prentsaurrekoa egin du Kristinaenean, pinuen gaitzaren aurrean hainbat neurri aldarrikatu asmoz.«Basoak gaixo ditugu eta herri bezala arazo larri bat daukagu. Hori dela medio, denek, erakunde ezberdinek, administrazioak, gobernuak, parte hartu behar dute soluziobideak planteatzeko», adierazi dute.

Gogora ekarri dute «landatutako basoek uraren ibilgua bideratzen dutela eta ibilgailuen eta lantegien Co2-a xurgatzen dutela». Honela, «ingurumen osasuntsua nahi badugu, Euskal Herri mailako plangintza bat behar dugula» defendatu dute.

Egoeraren aurrean, hainbat neurri proposatu dituzte. Hasteko, banda marroiak kaltetutako basoen mailaketa egitea eskatu dute, larrienetik osasuntsuen dagoenera, horren baitan mozketak lehenesteko.

Era berean, «baso lanetan ari diren taldeen eta azpiegituren ahalmena neurtu eta talde edo azpiegitura gehiago behar badira haiek martxan jartzeko bideak jorratzea» defendatu dute. «Ikerketa sustatu behar da baso jabe eta basozainek baso berritzerako erabiliko diren
espezieei buruzko informazioa izan dezaten», adierazi dute.

Datuak biltzeko banda marroiaren esporen laginketa sarea sortzea hobesten du EHNE Gipuzkoak eta Intsignis pinu iraunkorra lortzeko ikerketa bideak sortu behar direla uste dute. Hala nola, «mintegiekin elkarlanean, espezie berrien hautaketa, jatorria, kalitatea eta ekoizpen ahalmena
aztertzea» beharrezkoa dela iritzi dute.

Neurri hauek martxan jartzeko, aldundiak eta Lakua gainerako eragileekin elkarlean aritu behar direla adierazi dute.