NAIZ
BILBO

Jatorri atzerritarra daukaten hiru ikasletik bi hartzen ditu EAEko sare publikoak

Lakuak egindako ikerketa baten arabera, jatorri atzerritarreko 33.079 ikasle daude EAEn, 21.227 Lehen Hezkuntzan eta 11.852 DBHn. Horietatik, bi heren hartzen ditu sare publikoak (21.997 daude zentro publikoetan eta 11.082 itunpekoetan). 

‘Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman’ azterlana aurkezteko agerraldia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
‘Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman’ azterlana aurkezteko agerraldia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza Sailburuak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak agerraldia egin dute Bilbon, ‘Atzerriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman’ izenburupeko azterlanaren emaitzak aurkezteko. 

Arlo horretan diharduten profesionalen parte-hartzearekin eta Ikuspegi - Inmigrazioaren Euskal Behatokiarekin elkarlanean egindako lan honek, «hezkuntza sistemaren errealitatea eguneratu eta zehazteko» asmoa zuen.

«Diagnostiko zehatzagoa, hurbilketa zorrotzago eta sakonagoa, egiten du, eta honela erronkak hobeto identifikatu eta hauei neurria egokiago hartzea ahalbidetzen du», Uriarteren esanetan. 

Azaldu dutenez, hogei urtean, biztanleriaren %1,3 jatorri atzerritarrekoa izatetik, egungo %9,4ra pasatu da EAEn eta aldaketa «esanguratsu» horrek isla izan du hezkuntza sisteman ere. 

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ikasleriaren %15,7 da atzerritar jatorrikoa (33.079 guztira).

Hezkuntza-sareen araberako banaketari dagokionez, jatorri atzerritarreko ikasleek «presentzia zabalagoa» dute, proportzionalki, sare publikoan itunpekoan baino, nahiz eta etapen araberako aldea esanguratsua izan. Horrela, sare publikoan, atzerriko jatorria duten ikasleak %22,8 dira Lehen Hezkuntzan, eta %18 DBHn. Itunpeko sareari dagokionez, %9,6 dira Lehen Hezkuntzan, eta %11,6 DBHn.

Datu absolutuetan, alde nabarmena ikusten da Lehen Hezkuntzan (15.216 ikasle publikoan, eta 6.011 itunpekoan), baina aldea nabarmen txikiagoa da DBHn (6.781 – 5.071, hurrenez hurren).

Jasotako datu horiek aintzat hartuta eta diagonostikoa osatuta, «hezkuntzan kohesio eta ekitate handiagoa» lortzeko helburuetan oinarritu dira zenbait ekintza zehatz planteatzeko.

Horien artean daude, esaterako, informazio eta orientabide bulegoen hobetzea, «gainbegiratze eta kontrol handiagoa» ezarriz, «sarbidean eta onarpenean legaltasuna bermatzeko»; desorekarik handieneko zonaldeetako eskaintzan eta ibilbidean doikuntza egitea; iritsi berrien harrerarako eta hizkuntza murgilketarako programa pilotua; premiarik handienak dituzten zentroentzako berariazko laguntzak.