NAIZ
DONOSTIA

Euskal Errepublika aldarrikatzeko manifestazioa egingo du EH Bilduk abenduaren 6an Bilbon

Espainiar Konstituzioaren 40. urteurrenean, abenduaren 6an, manifestazioa deitu du EH Bilduk Bilbon, Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Plaza Eliptikotik Arriagara izango da, 12.00etan.

Oskar Matutek eta Oihana Etxebarrietak aurkeztu dute abenduaren 6ko manifestazioa. (@ehbildu)
Oskar Matutek eta Oihana Etxebarrietak aurkeztu dute abenduaren 6ko manifestazioa. (@ehbildu)

Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eta Oskar Matute diputatuak iragarri dute EH Bilduren manifestazioa, Donostian egin duten agerraldian. Abenduaren 6a, espainar Konstituzioaren 40. urteurrena, jai egun ez baizik eta «aldarrikapen egun» bihurtuko du EH Bilduk, azaldu dutenez.

Hala, «gure herriari Espainiako Konstituzioa inposatu ziotenetik 40 urte betetzen direnean, Espainiako Konstituzioa gure herriaren askatasun nahiak lotzeko giltzarrapoa baino ez dela sinesten duten euskal herritarrei» Bilbora joateko gonbita egin diete EH Blduko ordezkariek.

«Giltzarrapo hori irekiko duen giltza» Euskal Herriaren «erabakitzeko eskubidearen eta bere egikaritzearen alde dagoen gehiengo politiko eta soziala» da EH Bilduren iritziz, eta horregatik «Euskal Errepublika libre eta duinean bizi nahi duten euskal herritar guztiek hitzordu garrantzitsua dute abenduaren 6ko eguerdian».

Etxebarrietak gogoratu du espainiar Konstituzioak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ez zuela behar besteko onarpenik izan, eta 78ko erregimenak konpontzeke utzi zituen arazo politikoak oraindik hor daudela.

«Duela 40 urteko euskal jendarteak argi eta garbi adierazi zuen Espainiako Konstituzioa ez dela berea. Argi esan zuen ezin zuela bere egin 78ko Erregimena egonkortzeko helburua baino ez zeukan konstituzioa, hau da, ezin zuela onartu herri honetan eta jendarte aske eta justuetan bizi nahi duten herritarren artean hain oroitzapen txarrak dituen aurreko erregimenaren aurpegi garbiketa bat», adierazi du.

EH Bilduko kideek nabarmendu dutenez, Euskal Herriak «bere etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa daukala uste duen gehiengo politiko eta soziala dago gure herrian». Estatu espainiarra, aldiz, «atzeraldi demokratiko nabarmenean murgilduta dago». Horren aurrean, Euskal Herriko zein espainiar Estatuko subiranistak «elkar hartuta, ausardia politikoarekin, partekatutako estrategiarekin eta herri eta etorkizun ikuspegiarekin jokatzera behartuta» daudela uste dute.