1,2 milioi euro bildu ditu Lakuako Gobernuak Mozal Legeari esker

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak azaldu duenez, azkeneko hiru urteetan 1,2 milioi euro bildu ditu Lakuak Herritarren Segurtasun Legeari esker. Plataformak legea indargabetzea aldarrikatu du, eta gogoratu dio Gobernuari Gasteizko Legebiltzarrak lege hau EAEn ez aplikatzea  onartu duela.

@Ion_Salgado|2018/11/08 13:15
Mozal
«Mozal Legearen» aurkako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO/FOKU)

Mozal Legea izenez ezaguna den Herritarren Segurtasun Legea indarrean sartu zenetik, duela hiru urte, Lakuako Gobernuak 1,2 milioi euro bildu ditu. Hala salatu du Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak Gobernuak berak argiratutako datuak aztertu ostean.

Datu horien arabera, 2015ean 2.639 espediente izapidetu zituen Ertzaintzak. Gehienak drogekin zerikusia duten delituengatik ireki ziren, baina agintariekiko erresistentziagatik ere 273 espediente zabaldu ziren. 2016an 668 espediente ireki ziren delitu berberagatik, eta 1.058 espediente zabaldu ziren errespetu faltagatik, 569 pasa den urtean.

Aurten 5.695 espediente ireki dituzte jada ertzainek eta udaltzainek. Horietatik 1.103 agintariekiko errespetu faltagatik izan dira, eta 638 desobedientziagatik. Dena den, beste urteetan bezala, zabaldu diren espediente gehienak –2.597– drogekin lotutakoak dira.

Plataformaren ustez, datu horiek agerian uzten dute Mozal legea «negozio ona dela bai Espainiako Gobernuarentzat –267 milioi euro bildu ditu lege honi esker–, bai Eusko Jaurlaritzarentzat».

Gogoratu duenez, ertzainek plataformako kide bati 100 euroko isuna ezarri diote elkarretaratze batean entzundako leloengatik.«Ertzaintza eta Gobernuaren jarrera adierazpen askatasunaren kontrakoa da, eta babesgabetasun egoera batean uzten ditu herritarrak», nabarmendu du. Izan ere, lege honi esker ertzainak eta udaltzainak «epaile eta akusazio» bilakatzen dira.

Egoera honen aurrean, Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak Herritarren Segurtasun Legea indargabetu behar dela aldarrikatu du berriro, eta Madrilgo politikariek erabaki hori hartu arte, Lakuak Gasteizko Legebiltzarrak onartutako mozioa bete behar duela azpimarratu du. Ganberak Mozal Legea EAEn ez aplikatzea onartu zuen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK