NAIZ
DONOSTIA

LABek irabazi ditu Donostiako Udaleko hauteskunde sindikalak

Donostiako Udalean egin diren hauteskunde sindikaletan hautatu behar ziren 24 delegatuetatik 10 lortu ditu LABek, 2014an baino bat gehiago. ELAk, hiru galduta, zazpi lortu ditu. CCOOk bost lortu ditu eta ERNEk bi. 

LAB nagusitu da Donostiako Udaleko hauteskunde sindikaletan.
LAB nagusitu da Donostiako Udaleko hauteskunde sindikaletan.

Ohar baten bitartez, Donostiako Udaleko hauteskunde sindikaletan jasotako babesa eskertu du LABek eta «dagokion ardura kudeatzeko prest» dagoela azpimarratu du.

Langile guztiak batzen dituzten lau mahaietatik hirutan irabazi egin dutela jakinarazi dute eta laugarrenean, aldiz, duela lau urteko emaitzei eutsi dietela azaldu dute.

Hortaz, LABek 10 delegatu izango ditu, duela lau urte baino bat gehiago. ELAk zazpi ordezkari izango ditu, 2014ko bozetan baino hiru gutxiago. Haien atzetik, CCOOk bost delegatu izango ditu (2 gehiago) eta ERNEk, aldiz, bi delegatuei eutsi die.

Donostiako Udalean lanean hasi zenetik 36 urte pasa direla gogora ekarri du sindikatu abertzaleak eta azpimarrau nahi izan du ordutik «langileen eskubideen defentsan, bere lan egiteko gaitasuna eta konpromisoa» egiaztatu duela.

Horren erakusgarri da, sindikatuaren arabera, «hauteskundeetako emaitzen etengabeko goranzko eboluzioa».

Etorkizunari begira, «beti jarraitu dugun bide arduratsutik» segitzeko konpromisoa agertu du LABek, «lan baldintzen eta zerbitzu publikoen alde borrokatuz eta ordezkaritza kolektiboak bultzatuz». Ildo horretan, sindikatuak «beti egin duen eta beti egingo duen apustua» azpimarratu du: Langileen Bartzordea (Funtzionarioen junta biltzen duen atala) eta Erakunde Batzarra (behargin laboralena) indartzea.