Memoria Eraikiz, indarkeria matxistei aurre egin dieten emakumeen ahotsak

Gaur hasi eta igandera arte iglu antzeko karpa more handi bat dago Donostiako Easo plazan. Barrenean, zentzumen esperientzia berezi bat bizitzeko aukera eskaintzen ari dira, Memoria Eraikiz ikuskizunaren bidez. Mugarik Gabe Garapenerako Lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Hortzmuga teatroak prestatu dute elkarrekin, indarkeria matxista mota desberdinak jasan eta bizirik atera diren munduko hainbat emakumeren testigantzetan oinarrituta.

@gara_miantzi|Donostia|2018/11/09 16:50
Memoriaeraikiz
Memoria Eraikiz ikuskizuna bizitzeko karpa, Easo plazan. [Juan Carlos RUIZ/FOKU]

Memoria Eraikiz bizipen artistikoaren inguruan, Donostiako Easo plazan muntatutako karparen barrenean gordetzen den misterioaz, ezin da gauza handirik kontatu; jendea sartu eta esperientzia bizitzea baita ideia, tripetan sentitzea indarkeria matxista mota ezberdinei aurre egin dioten 28 emakume ausarten eguneroko emozio eta tentsioak.

Gaur arratsaldean (17.30, 18.15 eta 19.15), bihar (11.30, 12.15, 13.15, 17.30, 18.15, 19.15) eta igandean (11.30, 12.15, 13.15) eskainiko dute ikuskizuna. Ikus-entzunezkoen, dantzaren eta antzerkiaren bidez, jendartea, instituzioak eta hedabideak emakumeongana hurbiltzea bilatzen dute, ezagutu eta «gutariko bat» bezala hartzeko. Emakume guztioi gertatzen zaiguna –eta beraz, jendarte osoari– gure memoria kolektiboan jasotzeko, berriz gerta ez dadin.

‘Asfalto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan’ ikerketan bildutako 28 ahotsekin osatu dute Memoria Eraikiz. El Salvador, Kolonbia, Guatemala, espainiar Estatua eta Euskal Herriko emakumeak dira, justizia eta bizitakoa ez errepikatzea lortzeko euren denbora eta historiaren parte bat elkarbanatu zutenak.

35 minutuko karpa barruko bizipena eta gero, bakoitzari mugitu zaizkion sentimenduak partekatzeko aukera ematen dute ondoko karpa ttikian. Honako hausnarketa egitera gonbidatzen dute: Zer egiten dut nik, eta zer egiten ahal dut, indarkeria matxisten kontra?