NAIZ
GASTEIZ

Mozal Legea indargabetzearen alde egiteko eskatu diete Hego Euskal Herriko alderdiei

Eleak-Libre dinamikak, Euskal Herri osoko eragile sozial, sindikal eta politiko desberdinekin batera, Madrilgo Kongresuan martxan jarriko den ponentzian eta ondoren egingo den osoko bilkuran Mozal Legea indargabetzearen alde egin dezatela eskatu diete Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarretako indar politikoei.  

Mozal Legearen aurkako elkarretaratze bat, iazko maiatzean Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Mozal Legearen aurkako elkarretaratze bat, iazko maiatzean Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan eskaera bana erregistratuta, bertan ordezkaritza daukaten indar politikoei Mozal Legeari ezezkoa esan diezaiotela eskatu die Eleak-Libre mugimenduak. 

Euskal Herri mailako zein tokian tokiko eragile sozial, sindikal eta politiko desberdinek egin dute bat ekimenarekin, Eleak-Libreren eskaera izenpetuz. 

Nabarmendu dutenez, «bereziki larria» da duela hiru urte eta erdi PP buru zuen Gobernu espainolak «aldebakartasunez inposatu zuen Mozal Legearen balantze politiko errepresiboa». 

Gogoratu dute Euskal Herriko zenbait erakundek (Gasteiz eta Iruñeko parlamentuek eta baita zenbait Batzar Nagusi eta Udalek ere) neurriaren aurka agertu ziren eta «baita Mozal Legea ez aplikatzeko deia zababaldu ere zenbait kasutan». «Baina egian esan –argitu dute– berdin-berdin aplikatzen jarraitu dute». 

Orain, Kongresu espainolean neurriaren etorkizuna erabakitzeko lantalde bat jarriko da martxan eta, ondoren, botazio bat egingo da osoko bilkuran. 

Mozal Legea «esparru sozialeko 155. artikulu gisara» definitu duten eragileek azpimarratu dute ez daudela «inondik inora» arau hura erreformatzearen alde. «Jokabide koherentea Mozal Legearen indargabetzea eskatzea da», nabarmendu dute. 

Hori dela-eta, Mozal Legearen «alderik makurrenak» soilik aldatzeko alderdi politikoek aurkeztu dituzten ia 200 emendakinen aurrean, eskaera argia egin diete Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoek EAE eta Nafarroako legebiltzarretan ordezkatuta dauden alderdiei. 

Azkenik, ohartarazi dute ez dutela baztertzen Kongresuan botazioa egingo den egunean mobiliazioren bat deitzeko aukera.