NAIZ
DONOSTIA

Biktimen auzian euskal gizartea eta erakundeak «berandu» ibili zirela esan du Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak analisi «kritikoa» egin du euskal gizarteak eta erakundeek 70. eta 80. hamarkadetan «terrorismoaren eta indarkeriaren» biktimekiko izan zuten erantzunaz: «Lehenago, hobeto eta batera erreakzionatu behar genuen». Memoriaren Egunaren harira egin ditu adierazpenok.

Aita indarkeriaren ondorioz galdu zuten bost biktimak hartu dute parte ekitaldian. (IREKIA)
Aita indarkeriaren ondorioz galdu zuten bost biktimak hartu dute parte ekitaldian. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak Donostiako Miramar jauregian egin du Mamoriaren Eguneko ekitaldi nagusia. Bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere Gobernuko sailburuak, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta hainbat erakundetako ordezkariak.

«Terrorismoaren eta indarkeriaren» 40 biktima inguru ere izan dira ekitaldian, eta haietako bostek hitza hartu dute: indarkeriaren ondorioz aita galdu zuten Naiara Zamarreño, Ainara Olaciregui eta Sandra Carrasco, ETAren biktimak; Maider Garcia, GALen biktima, eta Jaione San Sebastian, Guardia Zibilaren tiro batez hil zen Alfredo San Sebastianen alaba.

Haien hitzartzeen ondoren, Urkulluk hartu du hitza eta 70. eta 80. hamarkadetan euskal gizarteak eta erakundeek «terrorismoaren eta indarkeriaren» biktimekiko izan zuten jarrera izan du hizpide. Analisi «kritikoa» egin du.

«Itzalak, hau da, gizartearen aldetik biktimek sufritutako bazterketa: ETAk 1987ra arte bakarrik 586 hildako eragin zituen. Euskal gizartearen eta bertako erakunde eta instituzioen erantzuna ez zen egon indarkeria hark eskatzen zuenaren eta biktimek merezi zutenaren mailan», esan du.

GALi buruz, berriz, aipatu du 29 hilketa egin zituela eta «biktimek diskriminazioa eta haien existentziaren eta errealitatearen ukapen ofiziala sufritu zituztela».

Trantsizioa deiturikoan, berriz, euskal gizarteak «frankismoaren errepresioaren astinduak pairatu zituen eta erakunde parapolizial eta eskuin muturrekoen atentatuak, inpunitate testuinguru batean». Tortura salaketak ere «errealitate etengabea» izan direla adierazi du.

«Autokritika egiten dugu» esan du lehendakariak: «Lehenago, hobeto eta batera erreakzionatu behar genuen».

Ez nahasu, ez legitimatu, ez baztertu

«Argiei» dagokienez, nabarmendu du 80. hamarkadaren bukaeran eta 90.aren hasieran hazten joan zela gizartearen erantzuna. «1990az geroztik gizartea gutxika joan zen inplikatzen eta antolatzen terrorismoaren eta indarkeriaren aurka, biktimen alde, giza eskubideen, elkarrizketaren eta bizikidetzaren defentsan».

Ondorio gisa, hiri «irizpide etiko» aipatu ditu, «guztiok batu ahal izango gaituztenak» eta «biktimak aintzatetsi ahal izango dituztenak: ez nahastea, ez legitimatzea eta ez baztertzea».