NAIZ
BILBO

Iheslarien egoerari buruzko hitzaldi zikloa abiatuko du Kalera Kalera dinamikak unibertsitateetan

«Ahaztuta» eta «agenda politikotik kanpo» egon den iheslari politikoen egoeraz kontzientziatzeko, eta haiei ere «premiazko konponbidea» eman behar zaiela nabarmentzeko hitzaldi zikloa abiatuko du Kalera Kalera dinamikak unibertsitateetan.

Iheslari eta deportatuen eguna antolatu zuen Kalera Kalerak urriaren 6an Tolosan. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Iheslari eta deportatuen eguna antolatu zuen Kalera Kalerak urriaren 6an Tolosan. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Ohar baten bitartez, iheslari politikoen egoera «iluntasunetik argitasunera» eramateko unibertsitateetan hasiko duen hitzaldi zikloaren berri eman du Kalera Kalera dinamikak.

Azaldu dutenez, iheslariak «ahaztuak» eta «agenda politikotik kanpo» egon dira. Haien egoerak ere «premiazko konponbidea» behar duela nabarmendu ondoren, jendarteari aferak duen dimentsioa erakutsi eta irtenbide baten beharraren inguruan kontzientziazioa zabaldu nahi du dinamikak.

«Iheslari eta deportatuen aferak badu aterabidea (…) Ez da izango Euskal Herrian bizikidetza eta normalizaziorik preso edo iheslari bat existitzen den bitartean», dio oharrak.

Lehen hitzaldia asteazkenean, hilak 14, eskainiko dute Jon Irazola iheslari ohiak eta dinamikako kide den Mikel Kortak, Donostiako Ibaetako Kanpuseko Barriola eraikinean arituko dra, goizeko 11.00etan hasita, ‘Euskal iheslari politikoen ibilbidea eta gaur egungo egoera’ goiburupean.

Datozen asteotan beste campus batzuetan iheslari eta deportatuei buruzko gai konkretuetan fokua jartzeko asmoa du dinamikak. Hilaren 21ean deportazioaz ariko dira Leioan. 28an, aldiz, Gasteizen izango da zita, gerra zikinaz jarduteko. Abenduaren 12an, Bilbon, entregei eta torturen gaiei erreparatuko diete.

Iragarri dutenez, Iruñea eta Baionako campusetan ere elkartasunaren gaia jorratuko dute aurrerago.