naiz
Urnieta

Urnietan igandean gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute

Urnietako Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur San Joan Plazan igande arratsaldean emakume batek pairatutako eraso matxista salatzeko. Erasoa gertatu zen momentuan hainbat herritar aurkitzen ziren autobus geltokian, eta horiek saihestu zuten erasoak ondorio larriagoak edukitzea. Gipuzkoako Aldundiak bat egin du deialdiarekin.

Igandean, 18.30 inguruan, eraso matxista bat gertatu zen Urnietako autobus geltoki batean. «Gizon batek emakume bat erasotu zuen hitzez eta fisikoki», azaldu du gipuzkoar herriko Udalak. Erasoa gertatu zen momentuan hainbat herritar aurkitzen ziren autobus geltokian, eta horiek saihestu zuten erasoak ondorio larriagoak edukitzea. Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie izandako jarreragatik.

Eraso honen aurrean, Urnietako Udalak deituta elkarretaratzea egin dute gaur San Joan plazan «eraso matxista hori arbuiatu eta gaitzesteko».

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du deialdiarekin eta bertan izan da Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendari den Miren Elgarresta. Ildo horretatik, «gaitzespen gogorrena» azaldu nahi izan du Urnietan gertatutako eraso sexistaren aurka, eta bere «laguntza nahiz begikotasun osoa» adierazi dio erasoa pairatu duen emakumeari.

«Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia», azaldu dute ohar baten bidez. «Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile».