NAIZ
IRUÑEA

Lan heriotzak salatzeko eginiko protesta batengatik Mozal Legea ezarri diote LAB sindikatuari

Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkaritzak, Mozal Legea baliatuta, 600 euroko isuna ezarri dio LAB sindikatuari, lan heriotzak salatzeko iragan apirilean Lan Ikuskaritzaren «okupazio sinbolikoa» egiteagatik.

Lan heriotzak salatzeko Lan Ikuskaritzan LABek egin zuen protesta. (@LABNafarroa)
Lan heriotzak salatzeko Lan Ikuskaritzan LABek egin zuen protesta. (@LABNafarroa)

Twitter bitartez jakinarazi du LAB sindikatuak Gobernu espainolaren Nafarroako ordezkaritzak, Mozal Legea baliatuz, 600 euroko isuna ezarri diola –arin ordaintzeagatik 300era murriztua– iragan apirilean Lan Ikuskaritzan egin zuten protesta batengatik. 

Zehazki, 2017an Nafarroan hamabi langile zendu zirela salatzeko «okupazio sinbolikoa» egin zuten Lan Ikuskaritzan.

Zigorra ezartzeko ebazpena hainbat akats dituela salatu du sindikatuak: protestaren data, parte hartu zutenek zeramaten arropa, protestaren iraupena…

Izan ere, Polizia espainolak egin zuen txostenean esaten zen protestan parte hartzen ari zirenak zuriz jantzita zihoazela, kolore horretako masparak ere aipatuz, argazkiek argiki erakusten dutenean gorriak zirela.

Okupazioa apirilaren 29an izan zela ere zehazten da txostenean. Lan Osasunaren Nazioarteko eguna apirilaren 28an da, baina aurten larunbata egokitu zenez, LABek ostiralean egin zituen protestak eta ez igandean, bulegoa itxita baitzegoen orduan.

Era berean, LABek gezurtatu egin du protestan parte hartu zutenek herritarrei sarrera galarazi zietenik eta okupazioa, poliziek dioten gisan, «lider» batek agindu zuenean bukatu zenik. Sindikatu abertzaleak nabarmendu du protesta, aurreikusita zegoen moduan, 12 minutukoa izan zela, 2017an izandako lan heriotz bakoitzeko minutu bat.

«Poliziek diote, poliziek diote... Sudur puntan jartzen zaiena erraten dute poliziek», nabarmendu du sindikatuak.