naiz
Donostia

Bere ardura onartzea eskatuko dio Sortuk PSOEri Muguruza eta Brouarden heriotzen urteurrenean

‘Etorkizun haziak’ lemapean mobilziazioa deitu du Sortuk azaroaren 20rako, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren heriotzen urteurrenean. Bi heriotzak PSOE Gobernuan zegoela izan ziren eta, orain, Pedro Sanchez Gobernuari «eragindako minaren aitortza, behingoz gatazkan izan duen ardura onar dezan» eskatu diote.

Sorturen agerraldia, azaroaren 20ko manifestazioa aurkezteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Sorturen agerraldia, azaroaren 20ko manifestazioa aurkezteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Nerea Guijarrubia kontseilu nazionaleko  kideek, azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren oroimenez, egingo den manifestazioa aurkeztu dute. «Estatu-terrorismoak hil zuen Santi Brouard 1984ko azaroaren 20an. Estatu-terrorismoak hil zuen Josu Muguruza egun berean, baina bost urte geroago: 1989ko  azaroaren 20an. PSOE gobernuan zela hil zituzten ezker abertzaleko kide esanguratsu biak, helburu garbi batekin:  herri honen aspirazio askatzaileak zapuztea, bai nazionalak bai sozialak», adierazi dute.

«Jakin bazekiten ezker abertzalearen eskaintza politikoak eraldaketa ekar zezakeela. Horregatik hil zituzten. Min egin ziguten, min handia, beste askotan bezala», gehitu dute. Hiru hamarkadaren ostean berriz ere espainiar Gobernuan PSOE dago. «PSOEri eskatu nahi diogu bere ardura onar dezan, eragindako minaren aitortza egin dezan, behingoz gatazkan izan duen ardura onar dezan, ezker abertzaleak aspaldi egin zuen moduan», azpimarratu dute. «Ez dugu mendeku goserik, baina egia eta justizia behar ditugu, herri honetan bakea eta bizikidetza  eraikitzeko ezinbestekoa baita denok aurrera pausoak ematea».

Sorturen iritziz, Pedro Sanchezen Gobernuak «aukera paregabea» du orain gatazkari «erabateko  amaiera emateko, gatazka eragin zuten kausei erreparatuz».

Urtero bezala, hilaren 20an, manifestazioa deitu du Sortuk. «Santi eta Josu gogora ekartzeko eta PSOEri bere ardura onar dezan eskatzeko irtengo gara kalera». ‘Etorkizun haziak’ goiburupean abiatuko dira Arriaga Plazatik, 19:30ean.