NAIZ
BILBO

Hizkuntza-politiketan akordioak bultzatzea izango da datozen urteetarako Kontseiluaren erronka

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak adierazi du datozen urteetarako erronka hizkuntza-politiketan akordioak bultzatzea izango dela. Zentzu horretan, Euskal Herri osoan hizkuntza-politikan «benetako» transbertsalitatea abian jartzeko eskatu du.

Bilbon egin du Kontseiluak urteko irakurketa plazaratzeko agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Bilbon egin du Kontseiluak urteko irakurketa plazaratzeko agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Joan den urtean abiatutako bideari jarraituz, 2018an euskararen normalizazio prozesuak eman duenaren inguruko irakurketa egin du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Bilbon egindako ekitaldian.

Hasteko, alderdi sozialak «presentzia nabaria» izan duela azaldu du Bilbaok, eta ‘Behingoz’ lelopean Iruñean egin zen mobilizazioa eta Euskaraldia aipatu ditu, besteak beste. Euskaraldiak Euskal Herri osoko eragile sozialek, sindikalek, instituzionalek, politikoek eta euskalgintzak aktibaziori begirako urratsa egiteko balio duela nabarmendu du. «Aliantza berri eta berritzaileak sortzeko», gaineratu du.

Halaber, gogoratu du 2018an Kontseiluarentzat mugarri izan den Protokoloaren Euskal Herriko Garapena aurkeztu dela. Protokoloak jasotzen dituen 185 neurriak euskarara ekartzeko ariketa egin dela eta helburua hizkuntza politiken inguruko proposamena «adostasun sozial zabalarekin osatzea» izan dela azaldu du.

Ildo horretatik egin nahi du bidea 2019an Kontseiluak, «Euskal Herriko hizkuntza-politikeetan akordioak sortzen», hain zuzen ere. Horrela, Kontseiluak etorkizuna irudikatzeko estrategia irudikatu nahi izan du, eta horretarako lagungarria izan zaio Eusko Ikaskuntzak mendeurrenaren harira antolatutako biltzarreko ‘Euskararen Etorkizuneko Estrategiak Elkarrekin Eraikitzen’ mintegirako ekarpen propositiboa prestatu beharrak.

«Ekarpen horretan adierazi bezala, bada garaia administrazioko sail eta maila guztietan eraginez eta benetako zeharkakotasunez garatuko diren hizkuntza politikak abiatzeko Euskal Herri osoan. Bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza politika abian jartzeko», esan du Bilbaok.

Izan ere, Kontseiluaren iritziz, bide horrek «aukerak zabalduko ditu eragile desberdinen lankidetzarako marko zehatzak definitzeko eta aurrera eramateko».

Giltzarria

Horrela, bada, Kontseiluak horretan jarriko ditu indarrak 2019an, eta hori lortzeko «lehen harria» jarri du jada, aipatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Euskal Herriko Garapena, alegia. Dena den, Kontseilua kontziente da «akordioen dinamiken konplexutasunaz», baina Bilbaok uste du lorgarriak diren akordioekin hastea «giltzarria» izango dela.

Eremu batzuetan urrats zehatzak egin daitezkeela ere uste du Kontseiluak, tartean hezkuntzan, teknologia berrietan edota hedabideetan. «Gai izan gara eremu horietako hizkuntza-politiketan lehentasunak definitzeko, baita gure ekarpen praktikoa zehazteko ere. Beraz, hurrengo urratsa akordio horiek eragile instituzionaletara hedatzea da, arlo horietako hizkuntza-politiketan jauzia egiteko», gaineratu du.

Horrela, eremu horien artean lehentasunezkoa hezkuntza dela azpimarratu du Bilbaok: «Egun badago euskalgintzaren, hezkuntzako eragileen eta eragile sindikalen arteko adostasun handia belaunaldi berriak euskaldunduko dituen hezkuntza eredua abian jartzeko. Uste dugu, aukera errealak daudela esparru horretan beharrezko jauzia egiteko, eta akordio bidezko estrategia lagungarria dela uste dugu».