Martxelo DIAZ

Karmele Solaguren sakabanaketaren biktima gisa onartu du Barañaingo Udalak

Barañaingo Udalak Karmele Solaguren sakabanaketaren biktima bezala onartzen duen mozioa onartu du. Mozio honek Barañaingo 813 herritarren sinaduraren sostenguarekin aurkeztu da. Antzeko mozioak ere onartu izan dira azkenaldian Iruñean eta Otxandion.

Karmele Solaguren gogoan izan dute gaurko Udal batzarrean. (KARMELE GOGOAN)
Karmele Solaguren gogoan izan dute gaurko Udal batzarrean. (KARMELE GOGOAN)

Barañaingo Udalean bozkatu den mozioan Solaguren duela 14 urte Alcala-Meco espetxea zegoen semea (Ekain Guerra) bisitatzera zihoala Sorian hil zela gogoratzen da. EH Bildu, I-E, Participando en Barañain eta Geroa Bai ren aldeko botuekin onartu da mozioa. UPN, PSN eta Pueblo de Barañain taldeek aurka bozkatu dute. Espetxe horretan Solagurenen senarra (Jose Luis Guerra) larriki zauriturik suertatu zen.

Bide batez, Barañaingo dozenaka biztanlek sakabanaketa pairatzen dutela gogoratzen du mozioak. Politika hau indarrean dagoenetik, duela 37 urte, Barañaingo 22 lagun Granada, Madril, Soria, Castello, Jaen, Zaragoza, Cadiz, Almeria, Valentzia eta Toledoko kartzeletan egon dira. Beren senide eta lagunek bost milioi kilometro baino gehiago egin behar izan dituzte, munduari 125 bira. Orotara, 560.000 euro gastatu behar izan dituzte eta bederatzi istripu pairatu dituzte.

Solagurenen heriotza izan zenetik erakundeek «istripu soil bat» izan zela adierazi dutela salaten du mozioak, herritarren eskuetan oroimena mantentzea eta egia eta aitortza eskatzea gelditu delarik.
«Barañaingo Udalak, Karmele Solaguren Goikoetxeari sakabanetak eragindako biktima izatea aitortzen dio», nabarmentzen du mozioak.

Honekin batera, sakabanaketarekin amaitzeko Gobernu espainolari eta Xabier Sagardoi Barañaingo presoa Soriako espetxetik Iruñekora eramatea eskatzen du.

Karmele Gogoan plataformak hamalau urteren bueltan Barañaingo Udalak Solaguneren heriotza ez zela soilik istripu baten ondorioa izan onartu izana txalotu du. «Ukapenan oinarrituriko samintasunez beteriko zikloa amaitzen dugu gaur», nabarmendu du. Bide batez,  mozioaren aurka egin duten taldeen jarrera kritikatu du eta plataformarekin biltzeari uko egin diotela salatu du.