Luzapenean, bosgarrena Osasunarentzat (1-0)

Bolada onean da Osasuna, emaitzei erreparatuta bederen; Lugoren aurka lortutakoarekin (1-0), bost garaipen daramatzate jarraian. Hala, igoera postuei begira jarri dira bete-betean gorritxoak.

NAIZ|IRUÑEA|2018/12/02 18:15
Osasuna
Garaipen sufritua lortu du Osasunak etxean. (FOKU)

Garaipena ezagun du Osasunak azken denboran. Konfiantzaz dira Arrasateren mutilak, garaipenaren gola azken momentura arte lortu daitekeenaren konfiantzaz. Hala gertatu da gaur Sadarren; 90 minutu gris urre bihurtu ditu Osasunak Iñigo Perezek neurketa amaieran sartu duen golarekin.

Ondo ekin diote neurketari gorritxoek. Bigarren minuturako izan dute lehen aukera garbia, baina Roberto Torresek area barrutik egin duen jaurtiketak aurkari baten gorputzean jo du. 13. minutuan, Juan Villar izan da gorritxoen lehen gola egiteko aukera izan duena, Lugoren atezainarekin aurkitu da baina hau.

Neurketa irekia jokatu dute bi taldeek, aukerak bat bestearen atzetik utzi dituen partida. Bi taldeetako edozeinek egin zezakeen markagailua irekiko zuen gola, osotasunean Osasuna hobeto aritu bada ere. Aukerak bai, baina golik ez neurketa atsedenaldira iritsi denean.

Aldaketa bat egin behar izan du Arrasatek atsedenaldian, gerora erabakiorra suertatu den aldaketa: Aridane kendu eta Iñigo Perez sartu du zelaian.

Lehenengo zatiaren sokatik, gol aukerak bata bestearen atzetik errenkadan sortzen joan da Osasuna. Garbiena, Roberto Torresek 72. minutuan izan duena; C. Clercen egin du erdiraketa eta Roberto Torresek errematea, baina jokoz kanpo zegoen epailearen arabera.

Juan Villarrek beste aukera bat izan du 76an, baina bere erremateak ez du atea aurkitu. Nacho Vidal, 89an, gertu izan da markagailua irekitzetik, baina Iñigo Perez, luzapen denboran, izan da hiru puntuak etxean uztearen arduraduna.

25 punturekin, 8. da orain Osasuna, igoerako playoff-etik bi puntura.

Neurketak utzi dituen xehetasunak, NAIZen webgune berezian.