NAIZ
DURANGO

ATOPIArpg euskarazko rol-jokoak irabazi du Durangoko Azokako lehenengo Sormen Beka

Durangoko Azokako lehenengo Sormen Beka ATOPIArpg euskarazko rol-jokoak irabazi du. Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztu du proiektua eta urtebete izango du egitasmoa gauzatzeko. 15.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Sormen Bekaren irabazleka, Azokako arduradunekin, gaur goizean Landakon. (Endika PORTILLO/FOKU)
Sormen Bekaren irabazleka, Azokako arduradunekin, gaur goizean Landakon. (Endika PORTILLO/FOKU)

Euskaraz sortutako rol-joko batek irabazi du Durangoko Azokako lehenengo Sormen Beka. Etzi Portu Maritimoa taldeak aurkeztu du proiektua, eta urtebete izango dute lana burutzeko. Proiektu horren izena ATOPIArpg da, eta 2019. urteko Azokan aurkeztu beharko dute. Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da, Durangoko Udalaren lankidetzari esker.

Gaur goizean aurkeztu dute Sormen Bekaren irabazlea Landakon, Gerediagako elkarteko presidente Nerea Mujika, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Sormen Bekako epaimahaiburu Itxaro Borda eta Etzi Portu Maritimoa proiektuko taldekideek.

Mujikak azaldu duenez, Sormen Bekaren helburua sortzaile berriengan arreta jartzea izan da: «Herri honetako sortzaile berriek asko dute guri emateko. Guztioei ahotsa eta plaza eskaintzea izan da Durangoko Azokaren helburua eta horretan dihardugu gaur egun ere».

Sormen Bekak euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen lagunduko du. 

Sormen Bekako epaimahakideen izenean, Itxaro Borda idazleak hartu du hitza. Azaldu duenez, 28 lan aurkeztu dira deialdira, «denak, batak besteak bezain interesgarriak». Azken hautaketarako hiru proiektu aukeratu zituzten: irabazi duen taldea, ‘Gerrak’ eta ‘Hiru Puntu’. Epaimahakideen arabera, «hiruretan kultur modalitate ezberdinak uztartzen ziren». 

Bordarekin batera Garbiñe Ubeda, Patxi Zubizarreta, Esti Albizu eta Xabier Boveda izan dira epaimahaikide.

Azkenean ATOPIArpg egitasmoa hautatu dute. «Rol joko bat euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean, sortzaile talde dinamiko batek ekartzen duena. Irudimena eta irudiak lantzen dituzte, Euskal Herriko gaurkotasunean errotzen da, eta umorea ere sartzen du narrazio eta komentarioetan», argudiatu du Bordak.

Etzi Portu Maritimoa taldeko kide dira Xabier Landabidea Urresti, Galder Gonzalez Larrañaga, Beñat Irasuegi Ibarra, Oihana Calparsoro Forcada, Yerai Gascon Sanchez, Unai Gorrotxategi Sabino, Gorka Salces Alcalde eta Eneko Olazabal Arruabarrena.

Egileen esanetan, gabezia batetik abiatutako proiektua da honakoa, euskarazko rol-jokoetan dagoen hutsunea betetzera datorrena. Gogoratu dutenez, badago aurrekariren bat, Eneko Mazok euskaratutako Antzinako Eskola, adibidez. Baina ATOPIArpg izango da euskaraz sortutako eta merkaturatutako lehenengoa.

«ATOPIArpg-ko mundua» gisa definitu dutenak Euskal Herri alternatibo bat aurkezten du, gauzak itxura batean berdinak edo antzekoak dira, baina atzetik historia eta istorio sekretuak, konspirazioak eta fakzio boteretsuen arteko gudak gurutzatzen dira.

2019ko Durangoko Azokan rol-joko horretara jokatzeko aukera egongo da.