Jende oldea Durangon Azokaren bigarren egunean

Ateak irekitzetik pilatu da jendea Landako inguruan eta pozik dira sortzaileak, Durangok zaleekin aurrez-aurre egoteko aukera ematen diela eta. Nahi beste aukera eskaintzen duen plaza da Azoka, ia bisitariak adina.

Amalur Artola|DURANGO|2018/12/06 13:15
Azoka
Landako gunera gaur ere jendea erruz hurbildu da. (Endika PORTILLO/FOKU)

Eguzkipean esnatu da gaur Durango, eta nabari da Landakon. Atzo etorkizuneko irakurleen egunak emandakoarekin asebeteta eta lehen eguna izateko salmentek utzitako datuekin pozik, bigarren egunari aurre egiteko prest agertu dira sortzaileak.

Goiztiarrenen artean, aurtengo uztako zenbait protagonista, euren sorlanak sinatzen. Asisko Urmeneta, Alaine Agirre, Gorka Urbizu, Dani Fano, Uxue Alberdi, Ion Maia eta Jokin Urain topatu ditugu besteren artean (bihar haien esanekin osatutako kronika argitaratuko dugu GARAn), baina hiru izan dira zaleen ilarak sortu eta Landakoko pasiloak kolapsatzera iritsi direnak: Berri Txarrak, Toti Martinez de Lezea eta Jakoba Errekondo, pozik azken hau, sinadura beste letxuga landare banatuta. Ibilbide alternatiboa bilatuta, Izaki Gardenak topatu ditugu Ahotseneako zuzenekoetan ‘Dena oskol’ disko berria aurkezten eta Alaine Agirrek hartu die lekukoa, ‘Kamisoi zuri zetazkoa’ (Erein), pederastiaz diharduen narrazio intimoaz jarduteko. Gustura gertu da Agirre, jendeak agertutako interesarekin.

Ezin geratu, Areto Nagusian beste hitzordu bat baigenuen 11.00tan. Jakina den bezala, Sormen Beka esleituko du aurten lehen aldiz Durangoko Azokak, sortzaile berriei euren proposamenak garatzeko 15.000 euroko laguntza emango dien beka. Iragarri dutenez, ATOPIArpg euskarazko rol-jokoa izango da beka jasoko duena.

Eta arratsalderako ze plan? Montauk, The Potes, Hiru3 komunitatearen festa, ‘Gure oroitzapenak’ irakurraldi musikatua, Sarrionandiaren ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?¸ (Pamiela) Habanako gaukariaren gaineko solasaldia, Gamer gela, ‘Txarriboda’ antzezlana, Iñigo Aranbarri edota Harkaitz Canorekin solasaldiak, Trikitixa Elkartearen ‘Haziak II’ diskoaren aurkezpena… Ezin guztiak zerrenda honetara bildu; norberak pasa dezala bere galbahea durangokoazoka.eus webguneko egitarau txukunetik. 20.00ak arte dago sortzaileekin bertatik bertara aritzeko aukera eta gauetan, Plateruenan jarraituko du euskal kulturaren festak, Esne Beltzaren kontzertuarekin (Xabi Solano ere Durangon da diskoak sinartzen). Ez duenak gustuko ekitaldirik aurkitzen, ondo begiratu ez duelako da.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK