NAIZ
AZKOITIA

Espinar eta Aldai, txapeldun emozio apur bat baino falta izan ez duten finaletan

9-22 eta 8-22 nagusitu zaizkie Olatz Arrizabalaga eta Oihana Orbegozori Emakume Master Cupeko finaletan, jendez lepo egon den Azkoitiko Gurea pilotalekuan.

Aldai eta Espinar, txapelarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Aldai eta Espinar, txapelarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Emozio apur bat baino ez zaie falta izan gaur Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalei. Frontoia beteta, giroa ere bikaina izan da, tanto bikain batzuk ere ikusi ahal izan dira baina Patri Espinarrek eta Amaia Aldaik uste baino errazago jantzi dituzte lehen eta promozio mailetako txapelak, Olatz Arribazalaga eta Oihana Orbegozori, hurrenez-hurren, 9-22 eta 8-22 irabazi ostean.

Final nagusian, txapeldunak berak esan bezala, nahikoa izan du frontoian ondo egotearekin txapela jantzi ahal izateko. Final laurdenetan latz sufritu zuen Usansolokoak Lemoan iazko bi finalistak kanporatzeko eta azken bi kanporaketetan uste baino errazago lortu ditu txapela irabaztera eraman duten garaipenak. Azkoitian, Olatz Arrizabalagak ikaragarrizko erraztasunak eman dizkio bizkaitarrari. Bere mailatik oso behera egon da binakako txapelduna eta denera 14 huts batu ditu, gehitxo halako final batean garaipenetik gertu egoteko.

Partida hasierako orekak launako berdinketara arte baino ez du iraun. Patri Espinarrek ez du eskuinaz pilota gozatzerik lortu, baina ezkerrez bizi ibili du pilota eta Olatz Arrizabalagak egindako hutsek partida apurtzeko modua eman diote. Partidatik erabat irten da bizkaitarra eta kontrako 12-0eko partzial batek batere aukerarik gabe utzi du.

Promoziokoan, txapelketan estreinekoz aritu den Amaia Aldaik jantzi du txapela, final borobil bat jokatuta. 18 urte baino ez dituen arren, dimoztarrak sekulako maila erakutsi du txapelketa guztian zehar eta Azkoitian ere berretsi du datorren urtean lehen mailan aritzeko dohainak badituela. Futbolean zaildutako hanka arinez gain, pilota bizi mugitu du bi eskuekin eta tantoak bukatzen ere ondo moldatzen dela erakutsi du.

Finalean, uste baino errazago gailendu zaio berea ematerik ez duen Oihana Orbegozo azpeitiarrari. Presioagatik edo, lotuta antzean ibili da gipuzkoarra eta hasieratik ihes egin dio Aldaik markagailuan. Pilota askoz gehiago gozatu du urdinez aritu den pilotariak eta aurkaria bikain mugitu du, tantoa gehiegi luzatu gabe. Aurki hautsi du partida Aldaik, 2-7, eta Orbegozok gehitxo arriskatu beharrean ikusi du bere burua, hutsak ere batuz. Hala ere, sakearekin apur bat asmatuta, lortu du 8-13 gerturatzea, baina Amaia Aldairen botillero Imanol Agirrek atsedenaldi batean emandako aholkuek on egin diote txapeldun berriari eta zuzenean joan da 22. kartoira.