NAIZ
LEGAZPI

Legazpiko suhiltzaileek salatu dute pertsonal faltagatik 24 orduz itxita egon dela Korostiko parkea

Legazpiko Korostiko parkeko suhiltzaileen etxea itxita egon da asteburuan 24 orduz pertsonal faltagatik, inguruko bost udalerritako 40.000 biztanle zerbitzu gabe utziz. Korostiko beharginek herriko alkateari bidalitako ohar baten bidez salatu dute egun pairatzen duten egoera.

Legazpiko suhiltzaileek ohar bat helarazi diote Koldobike Olabide herriko alkateari, atzoko 24 orduko txandan, 14.00etatik 14.00tara, suhiltzaile etxea itxita egon zelako, «bertako lau suhiltzaileak Eibar eta Zarautzeko parkeetako lan txandak osatu eta Oñati eta Ordiziako parkeetan errefortzu gisa erabili direlarik». Izan ere, gogorarazi dute Korostiko parketik hurbilen dauden suhiltzaile etxeak Oñati eta Ordizikoak direla. Parkearen itxiera «erakunde eta politikoen konpromezu ezari» leporatu diote.

Suhiltzaileek «behin eta berriz» plantilla handitzeko eskaerak egin ostean, 2007an akordio batera iritsi ziren Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta zehaztu zuten soldataren %15a murriztuko zitzaiela, «txanda bakoitzeko suhiltzaile bat» gehitu zedin.

Akordio hau 2010ean egikaritu zen, eta Gipuzkoako suhiltzaile parke «gehienetan» hiru langile izatetik lau izatera igaro ziren. «Hala ere, interbentzio gehienen kasuan gaur egungo Foru Aldundiko suhiltzaile etxeetan ezarrita dagoen txanda ez dela nahikoa» salatu dute oharrean, «ez herritar eta ez suhiltzaileen segurtasuna bermatzeko, ez eta ondasunak babesteko ere».

Bestalde, gaitzetsi dute egun ezarritako lan txandak maiz ez direla 2010ean adostutako gutxienekotara iristen, eta hutsune horiek «beste txandetako lankideen elkartasunez» osatu direla. «Hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanpostu berrien onarpena errealitate bihurtu beharrean langileen %30 inguruko bitarteko izaera (interinitatea) mantentzen du», jakinarazi dute. Bestalde, egutegiz kanpoko 2000 ordu inguru pilatu dituztela ohartarazi dute, txanden gutxieneko kopurua bermatzeko «modu sistematiko eta solidarioan» lan egin behar izan baitute.