NAIZ
EIBAR

Puntu bat erreskatatu du Eibarrek neurketa ero batean (4-4)

Zailena egin du Eibarrek 1-2 atzetik zela neurketa 4-2 agintzera pasa denean. Neurketa, baina, eroa suertatu da hasieratik eta luzapen denboran egin dute bisitariek markagailuan behin betiko 4-4koa ezarri duen gola. [Neurketaren xehetasuna]

Bi taldeek izan dute neurketa irabazteko aukera. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bi taldeek izan dute neurketa irabazteko aukera. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Iragan denboraldian 3-3 amaitu zen Eibar eta Levantek Ipuruan jokatu zuten neurketa. Emaitza hura gutxi balitz, are ikuskizun hobea eskaini dute igande honetan, entrenatzaileen haserrerako. Izan ere, zortzi gol ikusi dira gaur Ipuruako soropilean (4-4).

Eroa suertatu da neurketa, hasieratik amaieraraino. Eta hoberena dena, bi taldeek izan dute hiru puntuak eskuratzeko aukera.

Eibar aurreratu da markagailuan. 7. minutua zen eta Sergi Enrichek buruz egin du armaginen lehena. Erantzuna, baina, berehala iritsi da; 9. minutuan, banakoa egin du Moralesek Riesgoren aurkako buruz-burukoan nagusituta.

Ondo erreakzionatu du Eibarrek jasotako golaren aurrean. Gaur Olazabalek defendatutako atera iristen jarraitu dute armaginek, aukerak bata bestearen atzetik sortzen. Neurketaren aginte makila hartua zuten eibartarrek, Levantek bigarrena egin duenean. Rober Pior izan da, 25. minutuan, Jasonek eskuin aldetik jarri duen erdiraketa aprobetxatu eta Levante markagailuan aurretik jarri duena.

Eibarrek, baina, erasoan jarraitu du, lehengo bidetik. 40. minutuan, esaterako, %70eko baloi jabetza zuten armaginek, eta jabetza hori gol aukeratan bilakatzen ari ziren. Hala, lehenago edo beranduago, iritsi behar zuen etxekoen golak.

Hau bigarren zatiko 57. minutuan iritsi da, eta Escalante izan da golegilea. Markagailua 2-2, hoberena falta zen ikusteko. 60.ean, Eibarren aldeko penaltia adierazi du epaileak; Charles izan da baloia sareetara bidaltzearen arduraduna (3-2, min 61).

65an, gainera, bere bigarrena sartu du Charlesek, taldearen laugarrena. 4-2koarekin, Eibarrek neurketa erabakita utzi zuela zirudien, baina ezta gutxiagorako ere. Aldaketek hauspotuta, 3-4koa egin du Levantek 75. minutuan. Eta bisitarien joa eutsi ezin eta noiz eta luzapen denboran, 91. minutuan, egin duen behin betiko 4-4koa Levantek, Borka Mayoralen bidez.