NAIZ
PARIS

«Txaleko horien» krisiari aurre egiteko, sindikatu eta patronalarekin bilduko da Macron

Herrialdeko sindikatu eta patronalarekin bilduko da astelehen honetan Emmanuel Macron. «Txaleko horien» mobilizazioek herrialdean eragin duen krisiari aurre egiteko hartuko dituen neurrien berri emango die presidente frantsesak.

«Txaleko horien» protestek ez dute etenik. (Sylvain THOMAS/AFP)
«Txaleko horien» protestek ez dute etenik. (Sylvain THOMAS/AFP)

Astelehen honetan, 10.00etan, herrialdeko sindikatu –CGT, CFDT, FO, CFE-CGE eta CFTC) eta patronal –Medef, CPME eta U2P– nagusiekin bilduko da Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidentea, informazio iturri ofizialek ‘L'Opinion’ egunkariari aurreratu diotenez. Bilera «txaleko horien» protestek herrialdean eragin duten krisiari aurre egiteko hartuko dituen neurrien berri emateko erabiliko du Macronek.

Brune Le Maire Finantza ministroak, bere aldetik, protestek herrialdeko ekonomiarengan duten eragin negatiboa nabarmendu nahi izan du igande honetan: «Hondamendia da saltokientzako bereziki eta gure ekonomiarentzat orokorrean».

Onartu du Le Mairek, era berean, egoera hau –asteburuero protestekin eta ehunka atxiloturekin– «krisi» bat dela bere horretan, «demokraziaren krisia, nazioaren krisia».

Igande honetan ere, Jean-Yves Le Drian Atzerri ministroak demokrazia eta erakunde publikoak «babestearen» beharrez hitz egin du, Macronen Gobernuak «txaleko horien» krisiari erantzuten asmatu ez duela aitortzearekin batera.

«Ezin dugu herrialde bat goitik behera eraiki. Macronen hitz irmoak behar ditugu, baita bi aldeen arteko elkarrizketak berrabiatzea ere», gaineratu du Le Drianek ‘Le Monde’ eta RTL komunikabideei eskainitako deklarazioetan.

Sindikatu eta patronalarekin bildu ostean adierazpen publikoa egingo du Macronek.