NAIZ

Lizarra helburu, martxan da Euskal Herriko XI. mus txapelketa

Martxoaren 16an Lizarran jokatuko da Euskal Herriko XI Mus Txapelketako finala, bien bitartean abiatzear dira herriz herriko kanporaketak.

Prentsaurrekoko irudia.
Prentsaurrekoko irudia.

Euskal Herriko Mus Txapelketako finalak 7 herrialdeak bisitatu ostean, Nafarroara itzuliko da abiatzear den hamaikagarren edizioarekin. Hurrengo urteko martxoaren 16an ospatuko da final handia, Lizarran, eta bertan aurkeztu berri dute herriz herri abiatzear den txapelketa.

Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburua duen txapelketa da honakoa eta bide honetan sortu zen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaren gainetik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dute jarduna; «aldi berean nazio kontzientzia indartuz», nabarmendu du Jabier Sestorainek agerraldian.

Txapelketaren zabalpenari garrantzi nabaria ematen diote eta hortaz, ahalik eta herri gehienetan antolatzen dituzte herrietako kanporaketak. Musaren amaraunera lotzeko gogoa duen edonork parte hartu dezake eta txapelketa antolatzeko prest direnei www.ehmus.eus webgunea bisitatzeko deia egin diete agerraldian.

Aurtengo final handia 2019ko martxoaren 16an ospatuko da eta egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatzen ari dira Lizarraldeako herritarrak eta bertako udalak. Txapelketa honetan, 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan eta parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du.

Euskal Herriko zazpi herrialdetako edonork parte hartu dezake martxan den txapelketan eta agerraldian nabarmendu bezala, azken urtean gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da. «Lanean jarraituko dugu joera hau indartu eta zabaldu dadin», eman zuten aditzera.

Iaz Lapurdikoko Uztaritzen jokatu zen azken finalean, Euskal Herriko txapeldunak Gipuzkoako Eloi Krespo eta Vicente Uribesalgo bergararrak izan ziren. Gertutik izan zituzten Joseba Gabilondo eta Joseba Telleria legazpiarrak bigarren postuan.

Final nagusiaz haratago zazpi herrialdetan ere kanporaketak antolatu ziren eta hori hala izan zedin, herriz herri ehunka izan ziren Euskal Herriko Mus Txapelketako lehen fasean parte hartu zuten euskal herritarrak. Zehazki, iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 220 herri ingurutan jokatu zen txapelketako lehen konparaketa eta gutxi gora behera, 4.000 pertsonek parte hartu zuten.