NAIZ

Bi urteko zigorra Jean-François Leforti, duela 17 urte Askatasunakoa izateagatik

«Dena ETA da» tesian oinarritutako sumarioek ondorioak utzi dituzte gaur artean. Horren seinale da gaur Auzitegi Nazionalean gertatutakoa. 2001ean abiatutako Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren aurkako auzia dela-eta Jean-Francois Lefort, Lof, epaitu nahi izan dute. Bi urteko espetxe zigorra ezartzeko akordioa lortu da. 

Jean-François Lefort. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Jean-François Lefort. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Azkeneko urteotan sarri eman den egoera errepikatuta, bi urteko zigorra onartu du Lefortek. Horretara jeitsi du eskaera Fiskaltzak, «larriak ez diren delituetarako» lege moldaketa baliatuz. Askatasunako kide izan zela onartu duela erreparatuta (publikoa zen ardura hori), ETAko kide izatearen akusazioa aplikatu dio epaiak.

Honekin 17 urtez luzatu den jazarpen egoera bukatu da. Aurretik Estatu espainolak aurkeztutako euroaginduari ezetza eman zioten frantziar auzitegiek. Auziari zegokien epaiketa 2008an egin zen Madrilen eta espetxe zigor luzeak ezarri zizkieten 21 laguni, azken urteotan bete dituztenak.

Iaz Mediabaski eskaini zion elkarrizketan, Lefortek gogoratu zuen hamalau urte zeramatzala kontrol judizialpean eta lehen bederatzi urteetan astean behin komisaldegira joan behar zuela sinatzera. Gainera, nortasun agiria kendu eta Pirinio Atlantikoetako departamendutik ateratzea debekatu zioten. 

Nortasun agiririk gabe, beste dokumentu bat eman zioten baina arazo ugari ukan zituen administrazioarekin tramiteak egiteko.

Azken laupabost urteetan kontrola zertxobait arindu zioten: hilean behin joan behar zuen sinatzera eta depatamendutik ateratzeko debekua altxa zioten, baina ez Estatu frantsesetik ateratzekoa.

Neurri horiek guztiek bere egunerokotasunean arazo ugari eragin zizkioten, baina jasotako elkartasunari esker haiei aurre egin ahal izan ziela kontatu zuen Mediabasken.