NAIZ
GASTEIZ

Luzatutako aurrekontuek herritarren beharrei erantzuten ez dietela salatu dute Gasteizen

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, aurrekontu burujabe, sozial eta partizipatiboak aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute Gasteizko Legebiltzarraren atarian. Lakuak luzatuko dituen aurrekontuek «aldaketa sozialaren bidean» lagunduko ez dutela azpimarratu dute.  

Eskubide Sozialen Kartako kideek Parlamentu aurrean egin dute elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Eskubide Sozialen Kartako kideek Parlamentu aurrean egin dute elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Euripean eta «Aurrekontu sozial, partehartzaile eta burujabeen alde. Aldaketa soziala»lemapeko pankarta baten atzean, Gasteizko Parlamentuaren atarian elkarretaratzea egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.

Iragan gauerdian jakinarazi zuen Lakuak aurrekontu proiektua erretiratuko zuela eta goizean egin den ezohiko gobernu kontseiluan berretsi egin dute erabakia eta jarraian eman diote horren berri Legebiltzarrari. 9.30ean Aurrekontu Batzordearen bilera hasi aurretik eman du Gobernuak aurrekontuak erretiratzeko erabakiaren berri, zuzenketa partzialak osoko bilkuran eztabaidatzerik nahi ez zuelako.

Hala, aurtengo aurrekontuak luzatu egingo dira eta, Eskubide Sozialen Kartan bilduta eragileek salatu dutenez, «ez dute aldaketa sozialaren bidean lagunduko».

Era berean, herritarren gehiengoaren beharrei ere erantzuten ez dietela azpimarratu dute.

Lakuako Gobernuak 2019rako aurkeztu zuen aurrekontu proiektuak ere «zerbitzu publikoak eraisten jarraitzeko» helburua zutela esan dute. 

Eskubide Sozialen Kartak bestelako jendarte eredu baten aldeko konpromisoa berretsi du eta ildo horretan kokatu du pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurka bultzatu zuen Herri Ekimen Legegilea, Gasteizko Parlamentuan eztabaidatzekoa dena. «Gure aldarrikapenak oso apalak dira. Ez gara ilargia eskatzen ari, edonorentzako bizileku bat eta gutxieneko diru-sarrerak baizik». 

Politikak aldatzeko «bide bakarra» mobilizazioa eta borroka direla argi utzi nahi izan dute eta horretan aritzeko konpromisoa adierazi dute. Pentsiodunak ere horretan ari direla gaineratu dute eta, babesa adierazteaz gain, larunbatean egingo dituzten manifestazioekin ere bat datozela esan dute.