NAIZ
BILBO

Osakidetzak proposatutako LEP ereduak «sistema ustela» mantentzen duela salatu du ELAk

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LPE) izan ziren irregulartasunen aurrean Jon Darpon Lakuako Osasun sailburuak planteatu dituen aldaketak aztertu du ELAk eta, salatu dutenez, «helburu bakarra» egungo «ustelkeriari egitura juridikoa ematea» da.

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren azterketa bat, BECen. (Marisol RAMÍREZ / FOKU)
Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren azterketa bat, BECen. (Marisol RAMÍREZ / FOKU)

Lan Enplegu Publikoen sisteman aldaketak egiteko Jon Darpon sailburuak Legebiltzarreko Osasun Batzordean aurkeztu zuen txostena «sakon» aztertu du ELA sindikatuak eta honakoa ondorioztatu du: «bere helburu bakarra gaur egungo ustelkeriari egitura juridikoa ematea dela». 

ELAren iritziz, egungo jarduerak «legitimatzea» eta «legeztatzea» da xedea, «enplegu publikoaren oinarri izan behar duten» berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak «baztertuz». 

Hala, Osasun sailburuak planteatu zuen proposamenean oinarrituta txosten bat landu du ELAk, haren edukia aztertuz, Legebiltzarrean ordezkaritza daukaten alderdiekin bildu eta hausnarketa egiteko. 

Sindikatuaren esanean, txostena «partziala» da eta egileak «interes zuzena dauka proposatzen eta aztertzen» duen edukian, oposiziogileak prestatzen dituen enpresa baten jabea delako. «Txostenean planteatzen diren proposamenak egileak berak bere enpresan eskaintzen dituen zerbitzuetan oinarritzen dira, eta horiek hartzen ditu erreferentzia bezala». 

Era berean, egileak Osakidetzak emandako informazioa baino ez du bildu eta ez du beste eragileekin ezer partekatu, ELAren arabera.

Ohartarazi dutenez, planteatzen den «berehalako sistemak» urtetan zehar Osakidetzan lanean aritu diren «profesional askoren kaleratzea suposatuko lukeena», «merituak eta esperientzia gutxiesten» dituelako. 

Osakidetzak proposatutako EPE ereduak «sistema ustela» mantentzen duela salatu du ELAk Txostenaren edukiari arazo gehiago ikusten dizkio ELAk: kontrolatzeko zailak diren froga «arbitrarioak» planteatzen dituela, «ad hoc» hautaketa prozesuak proposatzen dituela eta, gainera Lan Eskaintza Publikoak ezabatu nahi dituela, «modu iraunkorrean irekita» egongo liratekeen sistema bat mahai gainean jarriz.

Egileak aipatzen duen hautaketa agentziak eta epaimahaikideen profesionalizazioak «boterearen zentralizazioa» eta «epaimahaien independentzia eza» indartuko lukete, ELAren ustez. Gainera, sindikatuen parte hartzea mugatzea ere planteatzen du, «negoziazio kolektiboko eskubidea eta askatasun sindikala larriki erasotuz».

Horregatik, ELAk ondorioztatu du «arbitrarietatean eta kontrol ezan» oinarritutako sistema bat proposatzen dela, «enplegu publikorako sarrera zuzendu behar duten printzipioak urratuz». «Helburua da mediku espezialisten hautaketan dagoen ustelkeria mantetzentzea eta legeztatzea», azpimarratu du sindikatuak.