NAIZ
BILBO

2024-25 ikasturtean irekiko dute EHUren Medikuntza Fakultate berria Bilbon

EHUren Medikuntza Fakultate berria 2024-2025 ikasturtean jarriko da martxan, Basurtoko ospitalearen alboan. Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapiako gradu ikasketak egin ahal izango dira bertan eta 52 milioi euroko inbertsioa eskatuko du.

Balluerka, Uriarte eta Darpon, Medikuntza Fakultate berriaren aurkezpenean. (IREKIA)
Balluerka, Uriarte eta Darpon, Medikuntza Fakultate berriaren aurkezpenean. (IREKIA)

Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak, Jon Darpon Osasunekoak eta Nekane Balluerka EHUko aurkeztu dute unibertsitate publikoaren Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria bultzatzeko proiektua.

Azaldu dutenez, hasieratik aurreikusia zegoen bezala Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria Bilbon kokatuko da, Basurtoko ospitalearen ondoan. Eraikin berri honek hartuko ditu Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako graduak, eta baita Osasun Zientzien arloko sei master ofizialen irakaskuntza ere: Farmakologia, Medikamenduen Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala; Ingeniaritza Biomedikoa; Ikerketa Biomedikoa; Mikrobiologia eta Osasuna; Neurozientziak; eta Osasun Publikoko Unibertsitate Masterrak.

Proiektuak 52 milioi euro pasatxoko inbertsioa izango du. Horietatik ia 45 milioi Lakuako Gobernuak ipiniko ditu, eta eraikina jasotzera bideratuko dira. EHUk gainerako 7 milioi euroen kudeaketa hartuko du bere gain, altzari eta ekipamenduak, lanen gainbegiratzea, lizentziak zein tasak ordaintzeko. 

Azpiegitura honen oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua idazten hasteko urratsak 2019an egingo dira. 2020an eraikuntza lanen kontratazioa burutuko da, lanak urte horren amaieran hasteko helburuarekin. Eta 2024-2025 ikasturtearekin jarriko da martxan fakultatea.

32.000 metro koadroko azalera eraikia izango du.

Agerraldian nabarmendu dutenez, proiektuak etorkizuneko profesionalen formazioaren alde egiten jarraitzea du helburu, unibertsitate publikoak azken mende erdian egin duen lana sendotuz. Horretarako, bere asmoen artean ditu euskarazko nahiz gaztelaniazko formazio-eskaintza hedatzea; Osasun Zientzietako goi mailako formazioan eta ikerketan sakontzea; ezagutzaren sormena eta transferentzia sustatzea; eta osasun sektorearekin lankidetza estuan aritzea.