NAIZ
DONOSTIA

3/2017 instrukzioa indargabetu izana «pauso positiboa» dela adierazi du Sarek

Larriki gaixo diren presoen kaleratzea oztopatzen zuen 3/2017 instrukzioa indargabetu izana positiboki baloratu du Sarek, baina «tentuz» hartu du erabakia. Protokolo berria «inongo desberdintasunik gabe», preso guztiei «berehala» aplikatzeko eskatu dute.

Martutenera martxa egin zen atzo Kalera Kalera dinamikak deituta. (Jon URBE/FOKU)
Martutenera martxa egin zen atzo Kalera Kalera dinamikak deituta. (Jon URBE/FOKU)

Komunikabideetara bidalitako ohar baten bitartez, aipatu instrukzioa indargabetu izana ontzat jo badu ere, ‘Zaplana kasuak’ bultzatuta datorren susmoa adierazi du.

Arau horrek larriki gaixo diren presoen kaleratzea oztopatzen zuen eta «berehalakoan hil» behar zirenean soilik ahalbidetzen zuen kaleratzea, Sarek gogoratu duenez.

Larriki gaixo diren presoen egoera konpontzeko emandako pauso orori «ongietorria» eman dio Sarek eta nabarmendu du egun 21 direla egoera horretan dauden euskal presoak. Espetxe espainiarretan urtean 100 preso inguru hiltzen direla ere gaineratu dute eta «datu beltz horrekin» amaitzearen beharra azpimarratu dute. 

Sarek espero du «urte luzez gaixo dauden presoen egoera konpontzeko tresna izango dela indargabetze hau, eta ez soilik Zaplanaren kasuari aterabidea emateko».

«Urrunketa politikarekin egin ez bezala», kasu honetan Gobernu espainola «idatzietatik harago» joatea eta praktikan aldaketak egitea espero dute.

«Instrukzio berri honen mamia aintzat hartu behar dela uste dugu, baina norabide orokorra balioan jarri nahi dugu. Baina, argi adierazi nahi dugu ere instrukzioek ezin dutela bizitzeko eskubidea arautu eta urratu, orain artean gertatzen ari den moduan. Presoen osasunaren eta honen trataeraren gaineko erabakiak osasun arloko adituei dagozkiela uste dugu», esan du Sarek.

Lehen balorazio hau «tentuz» egin du Sarek. Protokolo berria, «inongo desberdintasunik gabe», preso guztiei «berehala» aplikatzeko eskatu du. 

Azkenik, urtarrilaren 12an Bilbo eta Baionako kaleetan egotearen garrantzia nabarmendu du Sare Herritarrak.