Behargin bat zendu da Arcelor Mittalen, lan istripu ez-traumatikoagatik

ELAk salatu duenez, 2019ko lehen lan istripu hilgarria gertatu da Etxebarriko Arcelor Mittal enpresan. 54 urteko behargina da lan istripu ez-traumatikoagatik zendu dena. 

NAIZ|IRUÑEA|2019/01/10 16:03

«Aurreko urteetan ikusi dugun bezala, lan istripu ez-traumatikoek gorakada itzela izan dute prekarietarearen eta lan baldintzen okertzearen ondorioz», salatu du ELAk. 

Ohar baten bitartez, ELAk azaldu du 54 urteko langilea, sindikatuko afiliatua zena, ondoezik sentitu zela eta Etxebarriko Arcelor Mittaleko enpresako medikuek ospitalera bideratu zutela. 

Hildako beharginaren senide eta hurbilekoei, zein enpresako langileei, babesa eta elkartasuna adierazi die ELAk. 

Sindikatuak azpimarratu du honakoa 2019ko lehen lan istripu hilgarria izan dela. Azaldu dutenez, «aurreko urteetan ikusi dugun bezala, lan istripu ez-traumatikoek gorakada izan dute azken urteotan prekarietate eta lan baldintzen okertzearen ondorioz». 

Sindikatuaren ustez, administrazioek eta prebentzioan aritzen diren instituzioek «datu larri hauen atzean zer dagoen ikertu beharko lukete neurri egokiak jartze aldera, neurri horiek patronalen interesen kontrakoak badira ere». 

«Ez dugu nahi aurten ere, iaz bezala, beste 67 langilek bere lanpostuetan bizia galtzea», aldarrikatu eta, «egoeraren larritasunaren aurrean», antolatu eta mobilizatzeko deia egin du ELA sindikatuak, «bai enpresetan, baita kalean ere, lan ezbeharrak eta lan gaixotasunak desagerraraziko dituen lan baldintza duinak lortzeko helburuarekin, eta etxera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzeko».