naiz

EH Bilduk espetxe politika aldatzea «premiazkoa» dela aldarrikatu eta larunbaterako deia egin du

«Kalean mobilizaziorik ez badago ezinezkoa da aldaketa politikoak gertatzea. Bilbo eta Baionako kaleak betetzeko deia egiten dugu, bidezkoa eta premiazkoa delako, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala, espetxe politika aldatzea», adierazi du EH Bilduk eta larunbatean Orain Presoak dinamikak deitutako mobilziazioetan parte hartzera dei egin dute.

Julen Arzuaga eta Maddalen Iriarte, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Julen Arzuaga eta Maddalen Iriarte, gaurko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Larunbatean, Orain Presoak dinamikak deituta, Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioetan egonen da EH Bildu eta bertan parte hartzeko deia egiten die euskal herritarrei.

«Sakabanaketa politika 1989an jarri zuten indarrean; 30 urte joan dira erabaki hori hartu zutenetik. Oso bestelako egoera politikoan abiatu zen, gatazka politikoaren eta errealitate sozialaren baldintzak eta ezaugarriak oso bestelakoak zirenean», adierazi du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak.

Era berean, euskal preso politikoen kolektiboa osatzen duten pertsonen bizi baldintzek «behin eta berriro okerrera» egin dutela azpimarratu du. Era berean, hauen senitartekoei eta hurbilekoei «urratu dizkieten eskubideak» eta urrunketak eragin duen «sufrimendua eta arriskuak» ekarri ditu gogora. «Ez gaude prest horrelako gertakari larriak berriro ikusteko. Espiral oker hori iraultzeko prest gaude, ordea. Egindako bidea desegitea dagokigu. Gizarte honi mina, sufrimendua eta kaltea baino ekartzen ez dion dinamika anker honi amaiera eman beharra daukagu».

Espetxe politika honen aurka «gizartearen gehiengo zabal bat» dagoela azpimarratu du Iriartek eta Euskal Herriko instituzioek ere bide horretan agertu dira. «Ez dugu ukatzen frantziar Gobernuan gai honetan aldaketak daudenik, Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara hurbildu dituztelako euskal preso asko. Ez dugu ukatzen espainiar Gobernuak gai honekiko diskurtsoa aldatu duela, eta mugimendu txikiren bat ere egin duela; aurreko Gobernuarekin irudikatu ere ez genituen egiten diskurtso aldaketa eta mugimendu horiek. Baina muturreko posizioetatik ez dute arindu, ezta gutxiago ere, krudelkeriaz, gizatasun eta sentsibilitate faltaz eta mendekuaz jantzitako diskurtsoak».

Hala ere, «beste martxa bat» eskatu du Iriartek eta horretarako «inplikazioa» defendatu du. «Duela 30 urte eta PSOEren gobernuaren eskutik indarrean jarritako sakabanaketa politikaren ondorioz egindako bidean atzera egin beharra dago eta kontrako bideari ekin, presoak Euskal Herrira, etxera, ekartzeko».

Eta horretarako, nola ez, ezinbestekoa da euskal gizartearen inplikazioa. Kalean mobilizaziorik ez badago ezinezkoa da aldaketa politikoak gertatzea. Bilboko kaleak betetzeko deia egiten dugu, bidezkoa eta premiazkoa delako, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala, espetxe politika aldatzea. Euskal Presoak Etxera.