NAIZ
DONOSTIA

8.249 neska-mutilek hartuko dute parte Haur Danborradan

Haur Danborradak parte-hartze handiagoa izango du aurten, 8.249 neska-mutilek desfilatuko baitute Donostiako kaleetan barrena. Iaz baino 203 gehiago izango dira. 

Haur Danborradaren aurkezpena, Donostiako Udaletxean. (DONOSTIAKO UDALA)
Haur Danborradaren aurkezpena, Donostiako Udaletxean. (DONOSTIAKO UDALA)

«Haur Danborradan parte hartzeko ilusioa handitu egiten da urtetik urtera. Hala erakutsiko dute, aurten, urtarrilaren 18tik 20ra hiriko desfileetan parte hartuko duten neska-mutilek, iaz baino 203 izango dira-eta. Guztira, 8.249 haur ibiliko dira gure kaleetan», azaldu du Alfonso Gurpeguik, Donostiako Festetako zinegotziak, Udaletxean egin den aurkezpenean. 

8.249 haur horietatik, 5.088 hilaren 20an dira ateratzkoak, 12.00etatik aurrera, karrozarekin batera. 2018an bezala, 42 erakundetakoak diren 49 konpainiak desfilatuko dute. 

Iaz Alkatesa pertsonaia aurkeztu bazuten, aurtengo berritasuna Notarioa izango da. 

Danborradari buruzko datu gehiago eman ditu Gurpeguik: «Sukaldariaren figura gero eta gehiago sartzen ari da. Adibidez, Ikasbide ikastolak hamabi sukaldari izango ditu aurten, lehen aldiz, bere lerroetan. Orain arte, 29 konpainiak zuten figura hori. Bestalde, La Asuncion ikastetxearen konpainiak zortzi urketari izango ditu. Beraz, badira jada 25 konpainia pertsonaia hau dutenak beren lerroetan».

Zinegotziak gaineratu duenez, Antiguako Larramendi ikastetxeko Anne Vicente de la Fuenteri egokitu zaio Danbor Nagusia izatea. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga, hurrenez hurren. Ikastetxe horretakoak dira, baita ere, karrozako pertsonaiak irudikatuko dituzten ikasleak: Akatesa, Notarioa, Easo Ederra eta bere bi dama, bi batelari, bi inude, artzain bat, herritar bat, irule bat, urketari bat, mandazain bat eta sei zaldizain.