NAIZ
BILBO

Sindikatuek ez dute Kristau Eskolarekin akordiorik lortu eta greba deialdiari eutsiko diote

Kristau Eskolako ordezkariek eta sindikatuek bilera egin dute, baina akordiorik lortu ez dutenez, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan hilaren 16tik 25erako deitua zuten grebari eutsiko diote. Sindikatuen esanetan, langileen eskaeretatik oso urrun jarraitzen du patronalaren proposamenak eta horregatik ez dute onartu. 

Bilbon egin dute bilera sindikatuek eta patronalak. (ELA)
Bilbon egin dute bilera sindikatuek eta patronalak. (ELA)

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Kristau Eskolako ordezkariekin bilera egin dute Bilbon, ELAren egoitzan, eta bi aldeen arteko distantzia agerian geratu da beste behin. 

Ohar bateratu baten bitartez, sindikatuek adierazi dute joan den astean helarazi zieten proposamena «zehaztera» mugatu dela patronala eta orduan «ez nahikotzat» jo zutela gogoratu dute. «Patronalen proposamena sindikatuok aurkeztuta daukagun plataform bateratuko edukietatik erabat aldenduta egoten jarraitzen du beraz», nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, «sektoreko langileok ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino». 

Gauzak horrela, sindikatuek adierazi dute patronalek zez dietela utzi greba eta mobilizazioekin jarraitzea beste biderik. 

Aipatu sindikatuek hilaren 16tik 25era egina daukate greba deialdia. Orotara, 9.000 langile inguru daude grebara deituak eta 120.000 ikasle eta 200 ikastetxeri eragingo die protestak.