NAIZ
BILBO

2018. urtean «maximo historikoa» lortu du LAB sindikatuak

Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa oraindik amaitu gabe dagoela, «helburu guztiak» bete dituztela nabarmendu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, sindikatuaren hazkundeak etenik ez duela azpimarratuz. «Ez dugu sabaia jo, hazten jarraitzeko aukera dugu», esan du. 

LABeko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu, eta Antolakuntza idazkaria, Izaskun Garcia. (FOKU)
LABeko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu, eta Antolakuntza idazkaria, Izaskun Garcia. (FOKU)

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Antolakuntza idazkari nagusi Izaskun Garciak agerraldia egin dute, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa oraindik amaitu ez bada ere, 2018ko itxiera datuak eskuan, lehen balorazio bat egiteko. 

«Datuei erreparatuta, gure maximo historikoa lortu dugu 2018. urtean eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren sindikatu gisa egonkortuta itxi dugu urtea», nabarmendu dute. 2014an %18,34ko ordezkaritza izatetik 2018an %19,1ekoa izatera pasa direla Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. 

Nafarroari dagokionez ere «maximo historikotan» dago LAB, %16aren langatik goiti, eta hazkunde handiena izan duen sindikatua da. 

Hala, Hego Euskal Herrian, «bigarren sindikatutik gero eta hurbilago» daudela adierazi dute, %18,35eko ordezkaritzarekin, CCOOetik 1,64 puntura. 

Aipatutako dauten irakurketa egiterakoan, Garbiñe Aranburuk berretsi du sindikatua izaten ari den hedapena, bai hauteskunde sindikaletan eta bai afiliazioan, «langile moduan ditugun beharren mesedetara» jarriko dutela. 

Emaitza hauetatik «ondorio garbiak» atera daitezkeela esan du LABeko idazkari nagusiak. Langileek prekarizazio prozesuari aurre egingo dion sindikalismo abertzalearen aldeko hautua egin dutela esan du, eta, ondorioz, «tartea geroz eta handiagoa da kontrabotere sindikalismoaren eta kontzertazio sindikalismoaren artean».

«Euskal Herriko langileek euren botoarekin mandatu argia eman digute: ez dute kontzertazio sindikalismorik nahi, ez dute sistemaren parte izan nahi, antolakuntza eta borroka sindikalaren alde egiten dute eta alternatiba hemen berton kokatzen dute, esparru propioaren alde, marko propioaren alde eginez», azaldu du Aranburuk.

Era berean, LABen eskaintza sindikal sendoa goraipatu dute: «ikuspegi feminista txertatuta duen ekintza sindikal berritu batekin; langile klasearen zatiketa eta indibidualizazioa gainditzeko ekimen eta eskaintza zehatzekin; mobilizazio sozialari eta han-hemenka irekitako borroka ezberdinei atxikirik, eskuz esku mugimendu feminista zein pentsiodunen borroken alde, gazteen, presoen borrokekin bat eta lantokietako borrokekin bat».

«Eraldaketa sozialaren aldeko borroka, horretarako ezinbestekoa den aldaketa politikoaren aldeko borrokarekin uztartuz, marko berri baten alde, lan harremanetako eta babes sozialeko esparru propioaren defentsan ari gara», esan du.

Modu honetan, LABeko arduradunek nabarmendu dute sindikatua «indartuta» aterako dela hauteskunde prozesu honetatik eta gaineratu dute indar hori «herri eta langile gisa ditugun erronka laboral, sozial eta politikoen mesedetan» baliatuko dutela, «errealitate ezberdinen arteko indar metaketak bultzatuz, eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde, bizitza duinaren aldeko borrokan, eta borroka hori demokrazia eta burujabetza beharrarekin uztartuz».