NAIZ
IRUÑEA

Euskararen ordenantza berria onartu du Iruñeko Udalak

EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerraren babesarekin, Iruñeko Udalak onartu egin du euskararen ordenantza berria. UPNk eta PSNk aurkako botoa eman dute eta, gainera, erregionalistek afera auzitegietara eramango dutela adierazi dute.

Ostegun honetan egin den osoko bilkuran, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin aurrera atera da Iruñeko euskararen ordenantza berria. 

UPNk eta PSNk aurka bozkatu dute eta, hortaz, Udalaren eremuan euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza aldeko 14 boto eta aurkako 13rekin onartu da. 

Osoko bilkuran, UPNk iragarri du ordenantza auzitegietara eramateko intentzioa duela. 

Aritz Romeo zinegotzi abertzaleak leporatu die haien «helburu bakarra» euskara «ikusezin» bihurtzea dela eta aldarrikatu du «gure aberastasun eta ondare kulturala» dela hizkuntza. 

Ordenantza berriak euskara eta gaztelera Iruñeko «berezko hizkuntza» gisa hartzen ditu eta, hortaz, zerbitzuak jasotzeko zein administrazioarekin harremanak izateko euskal hiztunek duten eskubidea garatzen du.

Euskara sustatu eta hedatu beharreko ondasuna dela ere jasotzen du.

Behin ordenantza onartuta, pozik agertu da Joseba Asiron alkatea. Twitter sare sozialean argitaratu duen mezu batean azpimarratu du «normalizaziorantz» urrats berri bat eman duela Udalak ordenantza onartuta.