@mtxintxurreta

Erraustegiaren enpresek «iritzi publikoa kontrolatzeko» eratutako plana argitaratu du GuraSOSek

Erraustegiaren obra ustiatzeko baimena duten enpresek osatutako ‘Ingurumen Kultura eta Komunikazio Plana’ izeneko dokumentu konfidentziala argitara atera du GuraSOS plataformak. Bozeramaileek goizean Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean egin den ekitaldian esan dutenez, dokumentuak frogatzen du erraustegiaren proiektua «gezurrez eta pasibotasunez» sostengatzen dela.

Ekitaldiaren amaieran, hilaren 23ko manifestaziora deitzeko argazki kolektiboa egin dute (MT)
Ekitaldiaren amaieran, hilaren 23ko manifestaziora deitzeko argazki kolektiboa egin dute (MT)

Altuna y Uria, Construcciones Moyua, LKS, Murias, Meridiam eta Urbaser erraustegiko ustiapena esleitu zaien enpresek «iritzi publikoa kontrolatzeko» eratutako Komunikazio Plan konfidentziala eskuratu ahal izan du GuraSOSek, eta publiko egin du gaur goizean. Txostenean, esplizituki, Zubietako erraustegi «proiektuaren aurkako taldeen eragina txikiagotzeko» beharra azpimarratzen da. Tartean, «herritarrenak eta talde ekologistenak».

Txostenak «iritzi publikoaren kudeaketa» gisara aurkezten duena, berau «kontrolatzeko» ahalegina dela salatu du GuraSOSeko bozeramaile den Joseba Belaustegik, eta hori, zehaztu duenez, «gezurren eta pasibotasunen» bidez egin asmo dute aipatu enpresek eta arduradun publikoek.

Dokumentuan errepikatzen diren kontsignen artean, «gizartearen begietara proiektuaren errealitatea nabarmentzea» aipatzen da, eta komunikazio helburuetan lehentasun gehien duena, «informazio plan batekin estrategia bat garatzea» da, «gizarteak proiektua ezarritako eta atzeraezina den errealitate baten moduan ikus dezan».

Bestalde, Planak beharrezkotzat jotzen du erraustegiaren proiektuan «babesa handitzea orain arte axolagabeak eta aurkari pasiboak izan diren kolektiboetan»: «Ezaugarri hauek dituen prozesu batean beharrezkoa da iritzi liderrak eta eragin handiko gutxiengoak identifikatzea. Bere posizioagatik iritzi publikoan eragiteko gaitasuna duten kolektiboak, alegia. Beharrezkoa da haietako bakoitzaren eta haien jarreren profil bat izatea, haien babesa lortzeko, edo pasibotasun jarrera gutxienez». Zehazki, komunikabideetako profesionalek, osasun munduko profesionalei, ekonomia nahiz munduko lider adierazgarriei edo mugimendu sozialetako pertsona aktiboei buruz ari da parrafo hau.

«Gaur, gure osasunarekin jolasten ari direnen sinesgarritasuna kolokan jarri da», esan du Joseba Belaustegik, eta ohartarazi du datozen asteetan ekitaldi gehiago egingo dituztela, tartean, hilaren 23ko manifestazioa.

Horrela, dokumentua publiko egin eta aztertu ostean, ‘adOStASUNAri esan baietz’ aldarria izango duen otsailaren 23an Donostiako Antigua auzotik abiatuko den manifestazioko bideoaren aurkezpena egin eta berau babesteko argazki kolektiboa egin dute.