NAIZ
DONOSTIA

Zati bakoitzean talde bat nagusituta, puntuak banatu dituzte Realak eta Athleticek (2-2)

Puntu banaketa izan da Anoetan, Reala eta Athleticen arteko derbian (2-2). 0-2 aurreratu dira bisitariak lehenengo zatian, baina neurketari buelta eman eta partida berdintzea lortu dute txuri-urdinek bigarrengoan. 21.234 ikusle bertaratu dira partidua ikustera. [Emaitzak eta sailkapenak]

Joko eta giro ona nagusitu dira Anoetan. (Jon URBE/FOKU)
Joko eta giro ona nagusitu dira Anoetan. (Jon URBE/FOKU)

Eguraldi zakarra, baina giro bikaina. Halaxe laburbildu daiteke igande eguerdi honetan Anoetan bizitakoa. Euskal derbia jokatu da bertan, Reala eta Athleticen artekoa, berdinketaz gain giro paregabea, intentsitatea eta, garrantzitsuena, joko ona utzi dituena.

Neurketa hasi bezain pronto aurreratu dira markagailuan bisitariak. Hirugarren minutua zen Lucia Garciak korner baten osteko atezainaren alderatzea jaso eta neurketako lehenengo gola egin duenean.

Neurketa bizia jokatu dute bi taldeek, momentu askotan hautsi egin dena, eta horretan sufritu egin dute txuri-urdinek. Baloiaren jabetza bai, baina Athletic zen donostiarren atera arrisku handiagoz iristen zena. Horretan zirela, pasean huts egin dute txuri-urdinek, eta kontraeraso bikain bati are amaiera hobea eman dio Erika Vazquezek, bigarrena eginez. 0-2 eta atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, baina, beste neurketa bat ikusi da Anoetan. Izan ere, bigarren zatia hasi eta berehala –47. minutuan– aldeak murriztu ditu Nerea Eizagirrek. Reala izan da bigarren zatian gol aukerak jarri dituen taldea, behin eta berriz arrisku handiz gerturatuz zuri-gorrien atera.

Hala, Carla Bautistak egin du bere taldearen bigarrena, buruz, 78. minutuan, markagailuan behin betiko 2-2koa ezarriz.

Amaierako berdinketa, berez, justutzat eman daiteke. Izan ere, zati bakoitzean talde bat nagusitu da Anoetako soropilean. Guztira, 21.234 zale bertaratu dira Anoetara derbiaz gozatzera.