Zaporeak proiektuak sukaldea ireki du Lesboseko Moria errefuxiatu zelaian 1.300 otordu banatuta

Lesboseko Moria errefuxiatu zelaitik gertu sukaldea ezarri du Zaporeak proiektuak. Atzo hasi ziren otorduak banatzen eta 1.300 banatu zituzten.

naiz|2019/02/12 09:11
Zaporeak
Atzo hasi ziren otorduak banatzen eta 1.300 banatu zituzten. (ZAPOREAK)

Bederatzi hilabeteko lan gogorraren ostean, atzokoan, otsailak 11, eman zuen bere lehen otordua Zaporeak Proiektuak Lesbosen. Greziako uharte honetan dago kokatua bere sukalde berria eta lehen egunean 1.300 otordu banatu zituen Team Humanityk martxan duen proiektuan. Lehen otorduan barazki menestra, oilaskoa txilindron erara, laranja bat eta pita ogia prestatu zituzten Zaporeak proiektuko sukaldean.

Team Humanity Lesbosen dagoen Moria errefuxiatu zelaitik 500 metrora dago eta bertan, batez ere, haurrak eta emakumeak aritzen dira egunero, beraiei bakarrik ematen zaizkie otorduak. Bertan dauden pertsona errefuxiatuei banatu zitzaien lehen otordu hori 19:30etatik 22:00ak arte luzatu da. Bakarrik edo familian egoten dira zentroan eta behin janaria hartuta Moriara itzultzen diren bertan jatera.

Ohar baten bidez adierazi dutenez, bertaratzen diren pertsona errefuxiatuen kopurua eta dagoen beharraren arabera otordu kopurua hazi egin daiteke.

Bertan dabiltzan lehen lantaldean zazpi boluntario daude, horietako hiru Chiosen lehen otordua eman zuten berberak dira, hiru urte pasa dira eta «ilusio eta gogo berarekin Çjarraitzen dute pertsona errefuxiatuak laguntzeko bidean. Hemendik aurrera, hasiera batean, lau boluntarioko taldeak joango dira hiru asteko egonaldiak egitera Lesbosera, baina gerta liteke, beharrak hala eskatuta, prestatu beharreko otordu kopuruaren arabera zifra hori handitzea. Proiektuan parte hartu nahi duen orok boluntario izateko formularioa topatuko du proiektuaren webgunean.

Bederatzi hilabete luze joan dira Zaporeak lehenengoz Lesbosera iritsi zenetik. Pikpa zelaian emandako larrialdi egoera bati aurre egiteko bertaratu ziren. Ordutik hona euren egoera legalizatu eta proiektua martxan jartzeko lokalaren bila aritu dira hainbat boluntario. Momentu honetan, Zaporeak, Grezian erakunde gisa ezarria dago eta sukaldeak lan egiteko baimen guztiak ditu. Horrekin, arazoak ekidin eta euren lana denbora epe batean ziurtatua dute.

Azpimarratu dutenez, egunean 1.300 otordu edo gehiago prestatzeak «kostu handia du, bai elikagaiei dagokionean, eta baita ekonomiari dagokionean». Hori dela-eta, proiektuak aurrera jarrai dezan «ezinbestekoa izango da guztion laguntza». «Lagundu nahi duen orok Zaporeak Proiektuarekin harremanetan jartzea besterik ez dauka», adierazi dute.

 

En la última aportación al debate, el periodista Fermin Munarriz analiza la importancia que tienen los medios de comunicación en la formación de la identidad de una comunidad. Desde esa perspectiva considera que EiTB debe dejar de lado competencias estériles con grupos exteriores y empezar a pensar y actuar en clave de país.

EITB, TERRITORIO, CULTURA, SOCIEDAD
Fermin MUNARRIZ