Ariane Kamio
Donostia

"Bidean", Maider Zabalegiren bigarren diskoa

Musika mundutik urte luzez aldenduta egon ondoren, "Zuei" diskoarekin itzuli zen Maider Zabalegi estudioetara 2017an. Bigarren lana du orain bakarka, "Bidean", bizitzari eskainitako kantu sorta.

Maider Zabalegi, diskaren aurkezpenean. (@BagaBigaeus)
Maider Zabalegi, diskaren aurkezpenean. (@BagaBigaeus)

Alaitz eta Maider bikotea osatuz hiru disko kaleratu ostean ["Alaitz eta Maider" (1997), "Inshala" (1999), "Auskalo" (2002)] musika mundutik eta agertokietatik urrunduta bizi izan da Maider Zabalegi azken urteetan, 2017an bakarkako lehen lana kaleratu zuen arte ("Zuei"). Dolu prozesu batetik sortutako bilduma izan zen hura, Maider izen artistikopean Elkar argitaletxearekin batera argitaratua.

Bi urte beranduago, bigarren bakarkako lanarekin (nahiz eta atzean baduen talde sendo bat) itzuli da, orain, Maider Zabalegiren sinadurapean. "Bidean" (Baga Biga) du izenburu bederatzi pistaz osatutako diskoak, bizitzaren zikloari, bizitzaren uneei, bizitzak ematen eta kentzen dituen sentimenduei hertsiki lotutako proiektua.

Bereak dira kantuetako letra gehienak, eta guztiak oso pertsonalak. "Zuei" diskan bezalatsu, oraingoan ere gertuan bizi izan dituenak eraman ditu paperera eta kantuetara. «Asko idatzi dut maitasunari buruz. Maitasuna gure ardatza da. Baina ez maitasuna soilik bikote harreman batean, baizik bere ertz guztiekin. Ni bizitzaz maiteminduta nago», esan du gaur goizean Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan egin duen aurkezpenean.

Bizitzak, oro har, hartu du abesti forma Maider Zabalegiren diskoan. «Bada minbiziari buruzko beste kantu bat. Gaixotasunari lotuta gaudenean ohe batean, gure gorputzaren barruan, baina gorputz horrekin identifikatuta sentitzen ez garenean».

Errefuxiatuen gaiari ere eutsi dio, «tamalez ohitzen ari garen egoera bati buruz idatzi dut», baita motxiladun umeek daramaten zamaren inguruan ere. «Egoera bortitz hori. Ni ere garai batean izan nintzen halako ume bat, bizi izan dut hori eta asko enpatizatzen dut haiekin».

Maitasuna bizitzaren amaieran. «Aiton-amon batzuk bizitzaren amaierara iristen direnean, burua galduta duenean norbaitek. Begirada horiek. Gogoratuko ote dira nola izan zen haien bizitza?», nabarmendu du.

"Zuei" diskoa kaleratu zuenetik konposizioan jarraitu du Maider Zabalegik. «Bi urteko sormen prozesu bat izan da, pasa zaizkidan gauzak biltzeko balio izan didana». Eta bide horretan, Urbil Artola eta Gorka Urraren laguntza izan du moldaketak egiterako orduan. «Yin eta Yang dira niretzat. Urbilek folk kutsu gehiago dauka eta Gorkak beste makarra puntu bat ematen dio, nik ere barruan daramadana, baina ateratzeko gai ez naizena». 

Diskoan badira folka eta countryaren inguruan dabiltzan kantuak... eta baita pop indartsu bat ere. «Maiderrek folk mundutik edan izan du asko, baina popak elkartzen ditu bi mundu horiek, Maiderren alderik gogorrena eta folka. Popak uztartzen ditu bi mundu horiek. Popa da barniza ematen diona guztiari», nabarmendu du Urbil Artolak.

Artola (dobroa, akustikoak) eta Urraz (gitarra elektrikoa, akustikoak) gain, talde osatua du Maider Zabalegik. Maria Soriazu (baxua), Karlos Aranzegi (bateria) eta Santi Romano (piano eta teklatua) ditu ere bidean lagun. Horiez gain, hainbat lagunen kolaborazioa izan du Oiartzungo Lezoti estudioan egindako grabaketan. Besteak beste, diskoan parte hartzaile izan dira Joseba Loinaz (pianoa), Iñigo Asensio (hammond), Peio Gorrotxategi (hammond), Beñat Igerabide (ahotsa, letrak), Matthieu Haranboure (baxua), Xabi Solano (soinu txikia), Cristina Vertiz (biolina) edo Orkatz Arbelaitz (biolontxeloa).

Martxoan hasiko da Maider Zabalegi "Bidean" zuzenean aurkezten. Lehenengo hitzordua etxean izango du, Oiartzunen, martxoaren 23an. Beste data batzuk ere lotu dituzte: martxoaren 29an Donostiako Lugaritz Kultur Etxean izango dira eta apirilaren 12an Bilborocken aurkeztuko dute lan berria.