NAIZ
BAIONA

Macronen erretratua kendu dute Biarritz eta Uztaritzen, klima aldaketa salatzeko

Bizi eta Action Non Violente-COP 21 taldeetako aktibistek klima aldaketaren aurkako protestak egin dituzte ostegun honetan, Uztaritze, Biarritz, Paris eta Lyongo herriko etxeetatik Emmanuel Macron presidente frantsesaren erretratu ofizialak erretiratuz. 

Larrialdi klimatikoa eta sozialari aurre egiteko Emmanuel Macron presidente frantsesaren ekintza eza salatzeko protesta ekintzak egin dituzte gaur Bizi eta Action Non Violente-COP21 taldeetako kideek. 

Hain zuzen, Biarritz, Uztaritze, Paris eta Lyongo herriko etxeetara sartu dira eta Macronen erretratu ofizialak erretiratu dituzte. 

«Klima, justizia soziala, non da Macron?» edota «Klima, justizia soziala, Macron atera dezagun» kartelak zeramatzaten aktibistek. 

«Macron jauna ez deno Historiak finkatzen duen hitzorduan, herriko etxeetan huts hori utziko dugu, ongi adierazten baitu lanjer klimatikoa eta larrialdi sozialaren parean egiazki eramaiten duen politika», adierazi du Pauline Boyer ANV-COP21 mugimenduko aktibisten eledunak.

Karbono zerga trantsizio energetikoa bultzatu ordez «bere lagun aberatsei egin oparien ordaintzeko» baliatzea leporatu diote Parisko Gobernuari.

Ildo horretan, argi eta garbi ohartarazi dute aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak ezinbestean hartu behar direla, «ez baitugu denbora gehiagorik». Adibide gisa aipatu dute bioaniztasunaren desagerpenaren azelerazioa eta larriagotzea.