Sara Majarenasek eta Izarrek «aske eta beldurrik gabe» bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute

«Elkartasun osoa» adierazi nahi izan diete Donostian egindako elkarretaratzean Sara Majarenas eta haren alaba Izarri, Picassenteko epaitegiak haurraren erasotzailea epaiketara bitarte aske uztea erabaki ostean. erakundeei gaia gertutik jarraitzeko eskaera egin diete, ama-alabak «askatasunean eta beldurrik gabe» bizitzeko aukera izan dezaten. ‘Hau ez da justizia’ lelopean bildu dira gipuzkoar hiriburuan.

naiz|2019/02/21 19:35
Izar
«Elkartasun osoa» adierazi nahi izan diete Donostian egindako elkarretaratzean Sara Majarenas eta haren alaba Izarri. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Sara Majarenas eta bere alaba Izarri elkartasuna adieraztea helburu, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Donostiako epaitegi baten aurrean. «Bortizkeria matxistaren biktima dira Sara eta Izar, baina baita espainiar sistema judizialaren biktima ere, eraso egin zien gizona aske uztea erabaki baitu Valentziako epaile batek eta horrek arrisku bizian jarri ditu ama-alabak», adierazi dute ‘Hau ez da justizia’ lelopean egindako elkarretaratzean.

Gogora ekarri dute euskal preso politiko ohiak, nahiz eta alaba Izar larriki zauriturik izan, espetxe zigorra azken eguneraino bete behar izan zuela. Erasoaren ondoren, Majarenasek osorik bete behar izan zuen zigorra Madrilgo zentro batean. «Ez zuten nahikoa izan, ez, eta orain, berriz ere min egingo dietenaren beldurrez bizitzera kondenatu nahi dituzte».

Honen aurrean, erakundeei gaia gertutik jarraitzeko eskaera egin diete, ama-alabak «askatasunean eta beldurrik gabe» bizitzeko aukera izan dezaten.

Era berean, Donostiako Udalari bilera bat eskatu diote, prozedura judizialean izan dezakeen zeregina aztertzeko.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK