@aagirrezabal

Hiru euskal herritar, Andaluziako itzuliko lehen hamarren artean

Ion Izagirre, Peio Bilbao eta Oscar Rodriguez Andaluziako itzuliko hirugarren, seigarren eta hamargarren dira, biharko etapa erabakigarriaren atarian. Izagirre anaietako gazteena hirugarren izan da gaurko erlojupekoan ere.

Indartsu ekin diete euskal txirrindulariek 2019 denboraldiari. Izagirre anaiek (Gorka eta Ion), La Provence eta Valentziako itzuliak bereganatu dituzte, hurrenez hurren, eta Peio Bilbaok ere etapa irabazi zuen Murtzian. Orain, Andaluzian, bi etaparen faltan, Ion Izagirre eta Bilbaorekin batera, Oscar Rodriguez burlatarra ere garaipenerako borrokan dabil.

Gaurko erlojupekoa Tim Wellens liderrak bereganatu du eta Jakob Fulgsang izan da bigarren. Hirugarren postuan sailkatu da Izagirre, 9 segundo galduta. Bere taldekide Bilbao zazpigarren izan da 19 segundora eta Rodriguezek hamairugarren denborarik onena egin du, 54 segundoko galerarekin.

Sailkapenean, Izagirrek hirugarren postutik egiten dio so liderrari, 14 segundoko atzerapenarekin. Bilbaok 28 segundo galtzen ditu eta seigarren postuan dago. Rodriguezek osatzen du top 10a, 1:16ko atzerapena pilatuta.

Bihar dute sailkapena iraultzeko aukera, Haza Llanas mendate gogorra jaitsita iritsiko dira-eta Granadako helmugara. Astanako hirukoteak (Izagirre, Bilbao eta Fulgsang) hau baliatu dezake aurrean ibiltzeko taldekide gutxi duen Wellensen aurrean. Rodriguezek, aldiz, iaz erakutsitakoa konfirmatzeaz gain, Murias taldeari presentzia ematea izanen du helburu, eta ahalik eta hobekien amaitzea azken sailkapenean.