naiz
Gasteiz

Mobilizazioa deitu dute biharko Gasteizen, Talka gune feministaren hustutzea dela-eta

Talka proiektuko kideek, ohar baten bidez, mobilizazioa deitu dute biharko, otsailak 23, 18:00etan arabar hiriburuko Desamparadas plazatik abiatuko dena. «Talka espazio bat baino askoz gehiago da», azpimarratu dute.

Jendetza hurbildu zen Talka gunera hustutzearen berri izan bezain laster. (NAIZ)
Jendetza hurbildu zen Talka gunera hustutzearen berri izan bezain laster. (NAIZ)

«Talka espazio bat baino askoz gehiago da. Proiektu bat da, auzo izaera bat, aliantzak egin eta sistema kapitalista heteropatriarkala iraultzeko tresna bat, sisteman arrakala bat, pitzadura bat, apurketa bat, kapitala suntsitu eta gure nahi, desio, harreman, beharrak erdigunean jartzearen helburuarekin jaio eta biziraungo duen proiektu integral bat da, behin jaio eta inoiz lurperatu ezingo dutena», adierazi dute Talka proiektuko kideek, atzo goizean Gasteizko Udaltzaingoak espazioa hustu eta gero.

Udaltzaingoak jokatutako papera salatu dute, «segurtasun pribatu gisa» arituta. Gogoan hartu behar da, Udaltzaingoak berak hala baieztatuta, eraikinaren jabeak sarraila aldatzeko asmoz gerturatu zela eta udaltzainak agertu ziren harekin. Bertan izandako jarrera ere gaitzetsi dute, «oldalkor eta hainbat pertsona zaurituz». Talkaren okupazioa eta antolakuntza «emakume, bollera eta transena» dela publikoa izan arren, poliziak gizonen bila joan zirela azpimarratu dute. «Garbi adierazten du feministok pairatzen dugun infantilizazioa, subjektu politiko zilegia izango ez bagina bezala».

Martxoaren 8a gainean dugu, eta horri begira, instituzioek «feminismoaren izenean» hitz egitea ez dutela onartuko gaineratu dute. «Feminismoa emakumeona da, bollerona, transona, migratuona, langileona, errefuxiatuona. Feminismoa zapalkuntza ororen aurrean altxatzen den gorputzona da», gehitu dute.

Honen aurrean, mobilizazioa deitu dute biharko, Desamparadas plazatik abiatuko dena 18:00etan.