NAIZ

Ion Izagirre bigarren jarri da Andaluziako itzulian

Simon Yates (Mitchelton) ingelesak irabazi du laugarren etapa gogorra ihesaldi bikain bati esker. Jakob Fuglsang da lider berria eta Ion Izagirre eta Pello Bilbao onenen multzoan sartu dira. Eider Merino, laugarren izan da Valentziako itzuliko etapan, Xorret de Catin.

Jakob Fuglsang, lidert berria (@astana)
Jakob Fuglsang, lidert berria (@astana)

Astanako euskaldunek indartsu jarraitzen dute Andaluziako itzulian. Armilla eta Granada lotu ditu laugarren etapa gogorrak, Sierra Nevada inguruetan, eta Ion Izagirre bigarren jarri da sailkapen nagusian Fuglsang taldekide eta liderrarengandik zazpi segundora.

Simon Yates (Mitchelton) ingelesak sekulako erasoa jo du Hazallanas azken mendatean eta inork ezin izan dio bere gurpilari jarraitu, ezta Fuglsang berak ere, nahiz eta gogotik saiatu. Goitik buruan igaro eta Granadara bakar-bakarrik iritsi da.

Atzetik, nahiz eta une batzuetan larri ibili, Ion Izagirre eta Pello Bilbao onenen taldetxoan sartu dira, eta sekulako lana egin dute lider jarri den taldekide daniarrarentzat. Helmugan 26 segundora sartu dira eta nagusian Izagirre bigarren da zazpi segundora eta Bilbao laugarren 21era.

Sergio Higuita Euskadi Fundazioan utzita dabilen kolonbiarra bigarren izan da etapan, eta igandean beste aukera bat izan dezake, azken etapak ere zailtasun batzuk izango dituelako.

Eider Merino, laugarren Valentzian

Emakumezkoetan, Valentziako itzuliko hirugarren etapan, Eider Merino laugarren izan da. Bizkaitarrak bere igotzaile gaitasunak erakutsi ditu Xorret de Catiko aldapa pikoetan, Clara Koppenburg alemaniarrak irabazi duen saioan. Ashleigh Moolman hegoafrikarra bigarren izan da.