NAIZ
GASTEIZ

«Lankidetza fase berria» iragarri dute Urkulluk eta Etchegarayk Ajuria Enean batzartu ostean

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Ajuria Enean hartu du gaur Jean-Rene Etchegaray, Ipar Euskal Herriko Elkargoko lehendakaria. Elkarlana indartuko dute migrazio, garraio eta lurralde politiketan. Gainera, Tourra Euskal Herritik has dadin elkarlanean ari direla aurreratu dute. 

EAEko eta Ipar Euskal Herriko lehendakariak elkarrekin izan dira gaur Gasteizen, Ajuria Enean. Bertan egin dio harrera Iñigo Urkulluk Jean-Rene Etchegarayri eta «lankidetza fase berri bat» hasi dutela iragarri dute.

Urkulluren gabineteak adierazi du lehen ere elkarlanean jardun dutela eta «aurrerapausoak ematen jarraitu» nahi dutela bi administrazioen «harremanen instituzionalizazioan». 

Hiru ardatz dira elkarlan horretarako oinarriak: migrazioa, garraioa eta lurralde-politika. Lehenari dagokionez, harrera eginkizunetan bi instituzioen «erantzukizuna banatzeko mekanismo bat» ezarri asmo dute. Garraioari dagokionez Bordele-Baiona-Hendaia-Donostia korridorea aipatu dute eta lurralde-politikan bi erkidegoetako lurralde-plangintzetan elkarrekin lan egin asmo dutela. Horiez gain, gainera, lankidetza-eremu berriei bide eman zaiela ere iragarri du Gasteizko Gobernuak: euskararen sustapena, Kultura, Turismoa eta Nekazaritza.

Iragarpen berezi bat ere egin dute, bi gobernuak elkarrekin ari baitira Frantziako Tourrarekin. 2022 edo 2023an Tourra Euskal Herritik hastea nahiko lukete eta lehen etapa, edo etapak, Euskal Herrian lehiatzea, ipar eta hego.