@gara_mjauregi

The Prodigy talde ezaguneko abeslari Keith Flint hil da

Keith Flint hilik aurkitu dute goizean bere etxean, Dumnow-en (Ingalaterra). 49 urte zituen. The Prodigy taldeko hiru kideetako bat zen Flint, jarraitzaile askorentzat hiruetatik karismatikoena. Musika elektronikoa jorratzen duen talde honek 90eko hamarkadan berebiziko oihartzuna izan zuen, batik bat 1997ko ‘The Fat of the Land’ diskoarekin.

Keith Flint, 2015ean Seulen emandako kontzertu batean. (Ed JONES/AFP)
Keith Flint, 2015ean Seulen emandako kontzertu batean. (Ed JONES/AFP)

«Emakume batek deitu digu, arduraturik, 8.30 pasatxo zirenean, Brook Hill kaleko etxe batean gizon bat ondoezik zegoela esanez», adierazi dio polizia batek ‘The Guardian’ egunkariari. «Iritsi garenerako, 49 urteko gizonezko bat hilda zegoen. Bere senitartekoak jakinaren gainean jarri ditugu», gaineratu du.

Oraindik ez da jakitera eman heriotzaren arrazoirik, baina «ezer susmagarririk ez» dagoela aurreratu dute polizia iturriek.

90eko hamarkada hastearekin batera ikusi zuen argia The Prodigy proiektuak, Liam Howlett DJaren eskutik, Essex-en. «Rave» jai batean ezagutu zuen Flint eta biak eskuz esku abiatu ziren taldeari forma eta soinua ematera. Handik gutxira batuko zitzaien Maxim Reality. Hiruak izan dira, geroztik, The Prodigyren zutabe: Howlett konposizioan eta teklatuetan; Maxim kantari; eta Flint bera abeslari eta dantzari lanetan.

Hasierako urrats haietan Flint taldeko dantzaria zen. Izatez, ez zuen 96ra arte kantatzeko aukerarik izan. Alabaina, ez zuen edonolako estreinua izan mikrofonoarekin: 96an entzun genuen haren ahotsa aurrenekoz, ‘Firestarter’ entzutetsuan. Handik aurrera, Maxim eta biak arduratu ziren kantatzeaz.  

25 milioi diskotik gora saldu ditu taldeak mundu osoan, baita sari mordoxka jaso ere, «big beat» gisara definitutako estiloa landuta eta genero askotatik edanda: technoa, hardcorea, punka, musika industriala, metala…

Estudioko zazpi disko luze argitaratu ditu, lau EP eta zuzeneko bat, 2011ko ‘World’s on Fire’. Eta ia 30 urtean kontzertu andana eskaini ditu, jaialdi handietan parte hartu du, eta han eta hemengo gauak dantza erritmoekin eta festarekin argitu ditu, apenas etenik gabe.