NAIZ
DONOSTIA

'Argia'-ko Lander Arbelaitzen aurkako epaiketa salatu dute 200 kazetari eta eragilek

Sektoreko profesionalen babes zabala jaso du Lander Arbelaiz 'Argia'-ko kazetariak martxoaren 20an bere aurka abiatuko den epaiketaren harira. Iazko maiatzean ertzainei euskaraz zuzendu zitzaion gazte baten kasuaren berri ematean poliziaren aurkako «irainak» egitea egotzi diote kazetariari.

Babesa adierazi dutenetako batzuk, 'Argia'-k zabaldu duen irudian.
Babesa adierazi dutenetako batzuk, 'Argia'-k zabaldu duen irudian.

Kazetaritza, kultura eta gizarte eremuko 200 bat pertsona eta eragileren babesa jaso du Lander Arbelaitz 'Argia'-ko kazetariak iazko maiatzean argitaratutako informazio baten harira jaso duen salaketa tarteko. Bi ertzainek «irainak» egotzi dizkiote kazetariari.

'Bizitza da handiena' ekimenaren bueltan Ernaik deitu zuen prentsaurreko batera agertu zen polizia, hura egin zutenak identifikatzera. Euskaraz zuzendu zitzaizkien gazteak poliziari eta hauek mesprezuz erantzun zieten gazteleraz. Honen berri jaso zuen hedabideak eta poliziak dio bertan jasotzen den informazioa «iraina» dela. Euren jarreragatik barkamena eskatu zuen Ertzaintzak hilabeteak beranduago, baina identifikatu zuten pertsonari zigorra ezarri zioten, hala ere, eta orain haren berri eman zuenetako baten aurka ere egin dute.

Arbelaitzek martxoaren 20an joan beharko du deklaratzera Donostiako Auzitegira eta kontzentrazioa deitu dute epaiketa salatzeko auzitegi aurrean. 'Kazetaritza ez da delitua' goiburu gisa daraman manifestuarekin bat egin dute 200 bat pertsona eta eragilek. «Salaketa hau informatzearen aurkako erasoa da eta beraz, herritar denok informatuak izateko dugun eskubidea dago jokoan», irakur daiteke testu horretan.

Komunikabideen munduko 100 bat profesionalek adierazi diote bere babesa Arbelaitzi eta 'Argia'-ri. NAIZ eta GARAko hainbat kazetarik adierazi diote sustengua, baita 'Berria'-n eta EiTBn ari diren hainbat profesional ezagunek ere eta tokiko hainbat hedabideetakoek. Kultur eta gizarte eremuko babesen zerrenda ere luzea da eta atxikimendu gehiago espero ditu 'Argia'-k hurrengo egunetan.